AEB-ko Hauteskundeak -

PROFILA

Joe Biden: Obamaren berme nagusia

Atzerri-politikan duen esperientziagatik eta herritarrekiko hurbiltasunagatik izendatu zuen presidenteorde Obamak, eta gauzak argi esaten dituen fama du.

Joe Biden, AEBetako Presidenteordea. Argazkia: Politico
Joe Biden, AEBetako Presidenteordea. Argazkia: Politico
Joe Biden, AEBetako Presidenteordea. Argazkia: Politico

N.GONZALEZ

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseph Robinette Biden Jr. Scrantonen (Pennsylvania) jaio zen, duela 69 urte. Abokatua da, katolikoa, eta hiru seme-alaba ditu. Joe Bidenek 29 urte zituela hasi zuen bere ibilbidea Senatuan, eta 36 urte luze eman ditu bertan lanean, Barack Obamak 2009an Presidenteorde izendatu zuen arte.

Atzerri-politikan duen esperientzia handiak eta erdi-mailako klaseko herritarrekiko hurbiltasuna giltzarri izan ziren presidenteorde izendatzeari begira. Bidenek dituen abilezia politikoak osagarri onak direla esan du Obamak. Atzerri-politikan duen esperientzia dela eta, mundu osoan zehar ibili da bere herrialdea ordezkatzen, eta nazioarteko gaiei dagokienez, Obamaren aholkulari ezin hobea izan da.

Bidenek garrantzia handia izan du Obamaren Administrazioak bultzatutako zenbait ekintza, nazio zein mundu mailan, aurrera eramateko. Bidenek eragin handia izan du zenbait lege egiterakoan: terrorismoarekin lotutakoak, suntsipen handiko armen ingurukoak, Ekialde Ertaineko zein Asia hego-ekialdeko gaiei dagozkienak…

Biden izan da, eta ez Obama, hauteskunde-kanpainari hasiera eman diona, Obamak baino eragin handiagoa baitu erdi-mailakoen artean. Bidenek erdi-mailakoei laguntzeko neurriak bultzatu ditu, besteak beste, Unibertsitaterako sarbidea errazteko zenbait, eta AEBetako industria suspertzeko garrantzitsua izan den legea (batez ere, auto-industria bultzatzera bideratutakoak). Gainera, bere hitzaldietan erretirodunen pentsioak babesteko promesa egin du, baita herritarrak eta nazioa babesteko promesa, eta gehien dutenek erdi-mailako klaseko familiek baino gutxiago ordaintzea ez duela onartuko esan du.

Joe Bidenek gauzak argi eta garbi esan ohi ditu, eta horrek arazoak sortu dizkio behin baino gehiagotan. Bere harrotasuna eta egoa alde batera jartzen saiatu da Obamaren zerbitzura jartzeko; Obama anaia txiki bat bezalakoa da harentzat. Bidenek ez du benetan pentsatzen duena esateko arazorik. Honek egiten dituen hitzaldiak gehienetan zuzenak, zehatzak eta oldartsuak izaten dira. Errepublikanoek pribilegiatuak bakarrik babesteko asmoa dutela kritikatu du orain gutxi, eta, horiek Etxe Zurira ailegatuz gero, herritarrak "kateekin" lotuko dituztela aurreratu du. Esklabotasunari erreferentzia egin zioten adierazpenek polemika piztu zuten, baina, behin baino gehiagotan adierazi duen bezala, ohituta dago: "Zenbaitetan kritikak jasotzen ditut gauzak aurpegira esateagatik, baina hori ez da aldatuko".

Presidenteordeak tragedia bizi izan du behin baino gehiagotan: emaztea eta 13 hilabeteko alaba auto-istripu batean galdu zituen, eta burmuineko aneurisma bat gainditu du. Bere izaera lasaitzen ere ikasi behar izan du. "Alboan dituzun pertsonei maite dituzula esatea, eta inoiz barruan ezer ez gordetzea garrantzitsua da", esan zuen istripua izan ondoren, eta "ebakuntza-gelan egotea itxarongelan egotea baino errazagoa da", ebakuntza baten ostean.

Presidenteorde izan aurretik bitan aurkeztu zuen bere burua hautagai demokrata izateko lehiara. Lehenengoz, 1988an, baina hitzaldi bat plagiatzea leporatu ziotenean, erretiratu egin zen. Bigarrenez, 2008an, baina hautagai izateko zituen aukera eskasak ikusita, erretiratzea erabaki zuen berriz ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea