AEB-ko Hauteskundeak -
Eztabaida, asteazkenean
Zer pentsatzen dute Obamak eta Romneyk armei buruz?
Stephen Bartonek, uztailean Batman pelikularen estreinaldian izan zen tiroketako biktimetako batek, armen erabilerari buruz duten iritzia azaltzeko eskatu die AEBetako hauteskundeetako hautagaiei.
Erredakzioa
Uztailean Denverreko zinema areto batean Batmanen azken pelikularen estreinaldian izan zen biktimetako batek bideo bat egin du, Obama eta Romney AEBetako hauteskundeetako hautagaiei armei buruz zer iritzi duten galdetzeko.
Stephen Barton aurpegian eta lepoan tirokatu zuen James Holmesek, Denverreko zinema aretoan izan zen gertakarian. Guztira, hamabi pertsona hil eta 59 zauritu zituen Holmesek.
Bideoa legez kanpoko armen aurkako elkarte batek babestu du. Irudietan, Bartonek zauriak erakusten ditu, eta eskerrak ematen ditu, bizirik egoteagatik. Hala ere, biktimaren hitzetan, "datorren lau urteetan, 48.000 estatubatuarrek ez dute zorte bera izango; izan ere, hurrengo presidentearen agintaldian, hil egingo dituzte".
"Nork du indarkeria bukatzeko plan bat? Plan bat nahi dugu". Hori da Bartonek Obamari eta Romneyri bidali nahi izan dien mezua. Asteazken honetan, hautagaiak aurrez aurre izango dira, telebistak kanpaina honetan eskainiko duen lehen eztabaidan.