Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
A-25
Artur Mas, botere absolutuaren bila
Inkesta gehienen arabera, CiUk ez du gehiengo absolutua lortuko, baina alde handiarekin irabaziko ditu hauteskundeak. PSCk gainbehera historikoa pairatuko omen du eta ERC bigarren indarra izan liteke.
Erredakzioa
Egiaren ordua iritsi da Katalunian, kataluniarrek erabakitzeko unea. Parlamentu berria osatuko duten taldeei indar gehiago edo gutxiago emanda, independentziaren bidea jorratu nahi duten ala ez agerian utziko dute herritarrek.
Inkesta guztiak aintzat hartuta, CiUk garaipen argia lortuko du; Artur Masek gehiengo absolutua lortuko duen, berriz, ez dago horren argi. Horrez gain, galdeketen arabera, PSCk porrot handia pairatuko du eta PPCk edo ERCk hartuko dute sozialistek utzitako bigarren tokia.
Hauteskunde-kanpaina eztabaidagai nagusi bakarra izan da: Kataluniaren balizko independentzia. Krisi ekonomikoaren auzia, esaterako, bigarren maila batean geratu da. Alabaina, azken egunotan polemika piztu da Artur Masen aurkako ustelkeria salaketak direla medio.
Igandean 5,4 milioi herritarrek izango dute bozkatzeko eskubidea; horietako 156.517 atzerrian bizi dira. Kataluniako Parlamentuko 135 diputatuak nortzuk izango diren aukeratuko dute.
Artur Masek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, Diadako manifestazio historikoaren ostean eta Espainiako Gobernuak hitzarmen fiskala negoziatzeari uko egin ondoren.
Kanpainan, Kataluniak Estatu propioa izateko argudioetan sakondu eta herritarren babesa eskatu du, Espainiaren baitan toki bat izateko saiakerak porrot egin duela eta.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen beharraz herritarrak konbentzitzen saiatu da CiUko buruzagia, independentziaren alde onak eta biragarritasuna mahai gainean jarrita eta PPren "kalumnia eta difamazioei" indarra kenduta. Europar Batasunaren baitan egongo litzatekeen Estatu propioa aldarrikatzen du CiUk.
Nolanahi ere, azken astean CiUren kanpaina aztoratu egin da, Artur Masek eta Jordi Pujol presidente ohiak paradisu fiskaletan kontu korronteak omen dituztela zabaldu baitute zenbait komunikabidek.
CiUk informazio horiek gezurtatu ditu eta auzia fiskaltzaren esku dago. Ikusteko dago ustezko ustelkeria salaketa honek Masek lortu ditzakeen emaitzetan eragina duen ala ez.
PSC: FEDERALISMOA ETA POLITIKA SOZIALA
Lurralde egiturari buruzko eztabaidan, PSCk "alternatiba zentzudun" bezala aurkeztu du bere burua. Murrizketen erantzukizuna CiUri eta PPCri leporatu die, eta batak zein besteak lurraldetasunari buruzko eztabaidan muturreko jarrera dutela salatu du: independentzia edo zentralismoa.
Pere Navarro hautagai sozialistak aukerarik onena federalismoa dela aldarrikatu du eta CiUri aurre egiteko ezkertiar guztien botoa eskatu du.
Alabaina, kanpainan ezustekoak ere izan ditu Navarrok eta Jose Bono eta Marcelino Iglesias PSOEko kideek egindako adierazpen polemikoak argitu behar izan ditu.
PP: "BURUGABEKERIA APURTZAILEA"
Alicia Sanchez-Camachoren mezua argia izan da: "CiUren burugabekeria apurtzailearen aurrean Alderdi Popularra da boto erabilgarria". PPCren asmoa CiUren boto-emaile moderatuak, PSCren kudeatzearekin pozik ez daudenak eta C’S alderdiari bozkatzeko asmoa izan dezaketenak konbentzitzea da.
Aipatzeko da Alderdi Popularraren zuzendaritzako eta Espainiako Gobernuko kide esanguratsuek hartu dutela parte PPCren kanpaina. Mariano Rajoyk, adibidez, lau ekitaldi politikotan egin du agerraldia.
ERC: URRATS HISTORIKOAREN BILA
ERCk, Oriol Junqueras buru duela, independentziaren bandera berreskuratu nahi du berriro, CiUk eta ICV-EUiAk argi hitzegiten ez dutela argudiatuta.
Gauzak horrela, ERCren helburua Kataluniako bigarren indar politikoa bilatzea da, PSCren eta PPCren gainetik. "Urrats historiko" hori eman eta Kataluniak Europar Batasunean Estatu propioa izateko prozesuan erabakigarri izan nahi du ERCk.
ICV
Joan Herrera ICV-EUiAren buruzagia pozik agertu da kanpainak izan duen bilakaerarekin; izan ere, grebak orokorra eta Alexis Tsipras Syrizako buruzagi greziarraren bisita ezkertiarren botoak bereganatzerakoan lagungarri izango direlakoan dago.
Herreraren aldarrikapen nagusiak hauek izan dira: gizarte mugimenduentzako enplegua, etxegabetzeak amaitzea, osasungintzan eta hezkuntzan murrizketarik ez egitea, lan-erreformaren ondorioei aurre egitea, ekologismoa babestea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea.
C'S ETA SOLIDARITAT
C’s alderdiaren asmoa egun dituen eserlekuak bikoiztea edo hirukoiztea da eta horretarako auzoetara helarazi du bere mezua, Espainia nahikoa babestu ez dutela eta, PSCren eta PPCren jarrerarekin pozik ez dauden boto-emaileak bereganatzeko.
Alfons Lopez Tenak (SI) kataluniar independentisten babesa eskatu du, ERCk eta bereziki CiUk subiranotasunaren aldeko apustu argirik egiten ez dutela argudiatuta. Hala ere, galdeketa gehienen arabera, alderdi honek ez du eserlekurik lortuko.
Boza emateko eskubidea
5.413.769 lagunek dute Katalunian bihar izango diren hauteskundeetan boza emateko eskubidea eta, ondorioz, 10. legegintzaldirako Kataluniako Parlamentuko 135 diputatu aukeratuko dituzte.
Igande honetako hauteskundeetara 62 hautagaitza aurkeztuko dira (16 Bartzelonan eta 14 Lleidan, Tarragonan eta Gironan), 2010eko hauteskundeekin alderatura, 52 hautagaitza gutxiago.
Boza emateko eskubidea duten 156.517 katalan atzerrian bizi dira, Gobernatzeko eta Erakundeen arteko Harremanetarako Kontseilaritzaren datuen arabera.