Udal eta Foru Hauteskundeak -
Bosgarren eguna
Autogobernua eta ekonomia, Nafarroako kanpainaren bosgarren egunean
UPNk Foruak izan ditu hizpide; Geroa Baik enplegua sortzeko neurriak proposatu ditu; EH Bildu etxegabetzeei buruz aritu da; PSNk lan erreformak eragindako kalteak zerrendatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
UPN
Nafarroako Forua defendatzen duen alderdi bakarra UPN dela adierazi du gaur Javier Esparza alderdi horretako hautagaiak. “Nazionalisten eta zentralisten aurrean, gurea da Forua defendatzen duen alderdi bakarra”, esan du. Horregatik, boto-emaileei autogobernuak euren ongizatean duen “garrantziaz” hausnarketa egiteko eskatu die.
Iruñean beste hainbat hautagairekin batera egin duen ekitaldian, Javier Esparzak esan du, Forurik gabe, Nafarroak ez lukeela egun duen “bizi kalitatea, osasun zerbitzua edota hezkuntza sistema” izango.
Geroa Bai
Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak enplegua sustatzeko proposamena egin du gaurko ekitaldian. Nafarroako Gobernuko Sail bakoitzetik, aurrekontuaren % 0,5a enplegua sortzera bideratzea proposatu du.
Langabeziari aurre egiteko neurriak aurrekontuetatik etorri behar direla defendatu du Barkosek. Horren harian, “Administrazioak enpleguaren sorrera bultzatu” beharko lukeela azpimarratu du.
EH Bildu
Etxegabetzeak saihesteko plan berezia martxan jartzea proposatu du gaur Joseba Asiron Iruñeako EH Bilduko hautagaiak.
Egungo ereduaren ondorioz, Asironen iritziz, “etxebizitzak eskubide sozial bat izateari utzi dio, gutxiengo baten onerako”. “EH Bilduk buelta eman nahi dio egoera horri”, erantsi du. Etxebizitza bat izateak “oinarrizko eskubidea” izan beharko luke, koalizioaren iritziz.
PSN
PPren Gobernuak indarrean jarritako lan erreforma bertan behera uztea eskatu du Maria Chivite PSNko hautagaiak. Horren hitzetan, langileek pairatu duten neurririk “latzena” izan da lan erreforma, eta Langileen Estatutu berri bat sortzearen alde agertu da.