Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Rajoyren mitina eta UPN-EH Bildu liskarra, Nafarroako kanpainan

Mariano Rajoyk PPNko hautagaiei babesa eman die, mitin batekin. EH Bilduk CIME zentroan egin duen agerraldi batek UPNren haserrea piztu du gaur goizean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPN

“Betiko etsaien” aurrean “berme bakarra” PP dela esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Iruñean egin duen ekitaldi politikoan. “Europako herrialde zaharrena zatitu nahi dutenak, erradikalak eta estremistak”, aipatu du.

Berretsi duenez, azkenaldian “modan dauden” populista eta erradikalen aurrean, “indarra eta irmotasuna” behar da. “Garai berri hauetan, PPk “zentzutasunaren” alde egingo du”, adierazi du.

Mitina eta gero, Iruñeko Alde Zaharrean bazkaldu du Rajoyk, PPNko hautagaiekin batera.

UPN

EH Bilduk goizean CIMA osasun zentroaren aurrean egindako ekitaldia “gogor” kritikatu du UPNk. “Erakunde horri ospe txarra emateko ekitaldia izan da”, UPNren ustez.

Ohar batean, Adolfo Araiz EH Bilduko hautagaiak erabilitako “tonu iraintzailea” salatu du UPNk. Koalizioari egotzi dio “iraganean ainguratutako hiri” bat nahi izatea. “Garapenik gabeko Iruñea bat nahi dute, ikerkuntza eta berrikuntzatik aldenduta dagoen hiria”.

UPNk gogoratu duenez, Nafarroako Unibertsitateak ETAren sei atentatu pairatu ditu.

GEROA BAI

Geroa Bairen Nafarroako Parlamenturako zerrenda ixten duen Daniel Innerarity filosofoak datozen maiatzaren 24ko hauteskundeetan aldaketa ez gertatzeko UPNk “beldurra astintzen” ari duela salatu du, bai eta “desagertuko dena ez da Nafarroa, UPN Gobernutik baizik, zerbait zeharo ezberdina” ziurtatu du.

Gaineratu duenez, Nafarroako hurrengo Gobernua “ezin da afizionatu talde baten esku jarri baina ezta ere krisialdiak dakartzan kargen banaketan ekitate eta zuzentasun eskasa erakutsi dutenengan”.

Daniel Innerarityk, Vianako Printzea Kultura Saria 2013an, “politika beste modu batean egitea” beharrezkoa dela aldarrikatu du, “eta hori aurkakoari errespetuan eta, positiboan egindako proiektu batekin ezin ilusionatu eta beldurraren bitartez hautesleak inozotzat ez hartzean datza”.

EH BILDU

Zerbitzu publikoen defentsan, CIMAko ateen aurrean egin du EH Bilduk gaurko ekitaldia.  “Hemen aurrean klientelismo politikaren adibide argia dugu. Lurralde hauek Opusi oparitu zizkioten, bere interesen arabera nahi zuena egin ahal izateko" salatu du Adolfo Araiz EH Bilduko zerrendaburuak.

"Lurralde hauek babestu eta nafar guztion zerbitzuan jarri beharrean, Opusek eta Koplovitz bezalako pertsonaiek edota Banco Santanderrek berak erabiltzen dituzte. Klientelismo hutsa; Esparzak defendatzen duen erregimenaren ezaugarrietariko bat”, esan du.

Egoera honen aurrean Adolfo Araizek esan du "EH Bilduk lanean jarraituko du babesteko eta sustatzeko kalitatezko zerbitzu publikoak”.

PSN

Igandean “boto ausarta” ematea eskatu die nafarrei Maria Chivite PSNko hautagaiak, Nafarroan “aro berri bati heltzeko” xedearekin. Gaineratu duenez, PSNk “jarrera ausarta” erakutsiko du datorren legealdian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea