Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Hauteskunde gaua zuzenean jarraituko du eitb.eus-ek

Herriz herriko emaitzak etengabe eskaintzeaz gain, maiatzaren 24ko gauak ekartzen dituen bideo, irudi eta lerroburu guztiak jasoko ditu hitzordurako propio osatutako lantaldeak.

Lantaldea indartuko du eitb.eus-ek hauteskunde gauari bizi-bizi eusteko. Argazkia: EiTB
Lantaldea indartuko du eitb.eus-ek hauteskunde gauari bizi-bizi eusteko. Argazkia: EiTB

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal eta foru hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak maiatzaren 24an. Izan ere, hitzordurako propio eratutako lantalde batek gauaren albiste, argazki eta bideo guztiak bilduko ditu, herri guztietako emaitzak zuzenean eskaintzeaz gain.

Hauteslekuak ireki eta berehala (09:00etan hasita), hauteskunde egunaren nondik norakoak jasoko ditu albisteen atariak. Dena dela, egunak aurrera egin ahala, lantaldea indartuko du eitb.eus-ek, hitzorduaren jarraipen estua egin ahal izateko, webgunean bertan zein Twitter eta Facebook sare sozialetan.

21:30ean iritsiko dira lehen emaitza ofizialak, eta, betiko moduan, jaso ahala, herriz herriko datuak jakinaraziko ditu eitb.eus-ek. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako udalerri guztietako boto kontaketa zertan den jakin ahalko du horrela erabiltzaileak.

Udalerrien bilatzaile baten bitartez, denbora errealean egongo dira kontsultagarri herriz herriko emaitzak. Horrez gain, @eitbAlbisteak Twitter kontuaren jarraitzaileek ere azken emaitzen berri jasoko dute, bost minutuan behin eguneratuko baitira.

Horrez gain, gauaren gorabehera guztien minutuz minutuko kontaketa egingo du kazetari batek 19:00etatik hasita behin betiko emaitzak izan arte.

Hitzordu honek utzitako irudi eta bideoek ere aparteko lekua izango dute M24ko webgune berezian.

Behin betiko emaitzak eskuan, alderdien balorazio eta adituen analisia bilduko ditu kazetari taldeak. Maiatzaren 24ak uzten duen mapa politikoa grafiko bidez jasoko du eitb.eus-ek EAEko eta Nafarroako udalerrietako, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Estatuko emaitzekin.

Horrez gain, gau osoan, hauteskundeek ematen dituzten azken orduko titular edo lerroburuak jasoko ditu eitb.eus-ek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015