Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Gaur itxiko dute alderdiek hauteskunde kanpaina

EAJk, Irabazik eta Udalberrik Bilbon amaituko dute hauteskunde kanpaina. EH Bilduk eta PPk Gasteiz aukeratu dute, eta PSE-EEk, Ahal Duguk eta UPyDk, berriz, Donostia.

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Bilbo aukeratu du kanpainari amaiera jartzeko. Casillan egingo du mitina, 20:00etan, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Bilbo, Gasteiz, Donostia, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hautagaiekin.

EH Bilduk Gasteizen egingo du azken ekitaldia, 20:30ean. Hasier Arraiz eta EH Bildu koalizioaren Araba eta Gasteizko hautagaiek hitz egingo dute bertan.

Idoia Mendiak emango dio amaiera PSE-EEren kanpainari. Donostiako Cervantes Plazan egingo dute mitina, 18:30ean. Mendiarekin batera, Denis Itxaso eta Ernesto Gasco Gipuzkoako hautagaiak izango dira.

Ohi den bezala, PPk Gasteizen egingo du azken ekitaldia. Arantza Quiroga presidentea, Alfonso Alonso ministroa eta Javier de Andres eta Javier Maroto hautagaiak igoko dira oholtzara.

Ahal Dugu Euskadik Donostiako Boulevard Zumardian egingo du bere azken mitina, 19:00etan. Roberto Uriarte eta Gipuzkoako hautagaiak izango dira bertan.

Udalberrik ekitaldi “deigarria” egingo du Bilbon, goizean. Udaletxe berri bat eraikitzeko lanak antzeztuko ditu.

Arratsaldean, 18:00etan, Irabazik Barakaldon egingo du azken mitina.

Azkenik, UPyDk Donostian itxiko du kanpaina, 19:00etan.

NAFARROA

Nafarroan, alderdi gehienek Iruñea aukeratu dute kanpainari amaiera jartzeko.

UPNk bi ekitaldi egingo ditu bihar: goizean, 10:30etan, Javier Esparza hautagaiak balantzea egingo du. Arratsaldean, Tuteran, 20:00etan, Yolanda Barcina UPNko presidentea eta Marivi Castillo alkategaia Esparzarekin izango dira UPNren azken mitinean.

Azken bi asteetan egin duen bezala, Maria Chivitek (PSN) mitin azkar bat egingo du goizean, eguneko mezuarekin. 21:00etan, berriz, Cintruenigon izango da.

EH Bilduk Iruñean egingo du bere azken ekitaldia, Labrit Frontoian. Bertan Adolfo Araiz zerrendaburua eta gainerako hautagaiak izango dira.

PPNk Iruñeko egoitzan egingo du kanpainaren balantzea, 20:00etan.

San Frantzisko Plaza aukeratu du Izquierda-Ezkerrak “festa-ekitaldi” bat egiteko. 19:00etan hasiko da.

Geroa Baik Udaletxe aurrean jarriko dio amaiera kanpainari. 19:00etan hasiko da hitzaldia, eta Uxue Barkos eta Itziar Gomez hautagaiek hitz egingo dute.

Ahal Duguk bere egoitzan hasiko du arratsaldea: 18:00etan, balantzea egin ondoren, bizikletaz joango dira Iruñetik.

UPyDk ere bere egoitzan emango du azken mezua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea