Udal eta Foru Hauteskundeak -

18:00ak arte

EAEko parte-hartzea % 50,31koa da, eta % 55,54koa Nafarroan

Normaltasuna izaten ari da eguneko protagonista, eta ez da aparteko ezer gertatu. Alderdi politikoek bozkatzeko deia egin dute.

Hautagai nagusiek boza eman dute goizean zehar. Argazkia: EFE
Heldu da botoa emateko eguna

1:20

T.S.J. | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko udal eta foru hauteskundeetan izandako parte-hartzea % 50,32koa izan da 18:00ak arte, aurreko hauteskundeetan baino puntu eta erdi altuagoa (2011koetan parte-hartzea % 48,81ekoa izan zen), Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera.

Lurraldez lurralde, Bizkaian parte-hartzea % 49,91koa izan da (% 49,38koa 2011n); % 51,42koa Gipuzkoan (% 48,80koa 2011n); eta % 49,37koa Araban (% 46,67koa 2011n).

Bestalde, Nafarroan herritarren % 55,64k eman du botoa 18:00ak arte, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez. 2011n, botoa emateko eskubidea zuten herritarren % 53,39k emanda zuten botoa ordu horretarako; beraz, parte-hartzea igo egin da.

Estatuko parte-hartzeari dagokionez, % 49,79koa izan da, 2011koetan baino puntu bat txikiagoa (% 49,19koa izan zen orduan), Gobernuak zabaldutako lehen datu ofizialen arabera.

Hauteskunde-mahaien osaketa

Hauteskunde-mahaiak normaltasun osoz osatu dira gaur EAEn eta Nafarroan, gaurko deituta dauden udal eta foru hauteskundeak abiatzeko asmoz, Ertzaintzak eta hauteskunde-batzordeek jakinarazi dutenez. Dena dela, ezusteko txikiren bat bai izan da, mahaietan egon behar zuten zenbait lagun falta izan direlako.

EAEko herritarrek udalen eta batzar nagusien osaketa hautatuko dute gaur: guztira, 2.633 zinegotzi eta 153 batzarkide. 2.582 boto-kutxa izango dira, 727 hauteslekutan. Nafarroan, berriz, udaletako, kontzejuetako eta Foru Parlamentuko kideak aukeratuko dira. 966 hauteskunde-mahai izango dira.

Parte hartzeko deia egin dute

URKULLU BOZA EMATEN EFE HAUTESKUNDEAK 2015

Bizkaian, besteak beste, Luis Eguiluz Bilboko alkatetzarako PPko hautagaia, Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko Bilboko hautagaia, Juan Maria Aburto EAJko Bilborako hautagaia, Ibon Areso Bilboko alkatea eta Roberto Uriarte Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusia joan dira botoa ematera goiz partean.

Gipuzkoan, berriz, besteak beste, Arantza Quiroga Euskadiko PPko burua, Juan Karlos Izagirre Donostiako Udalerako EH Bilduren alkategaia, Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia, Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko bozeramailea, Eneko Goia Gipuzkoako hiriburuko Udalerako EAJren alkategaia joan dira botoa ematera.

Araban, Oscar Fernandez Irabazi koalizioko Gasteizko hautagaiak, berriz, saharar bati utzi dio botoa emateko aukera.  Horrez gain, Gorka Urtaran EAJko Gasteizko hautagaia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusirako hautagai jeltzalea eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusirako PPko hautagaia ere ikusi ditugu.

Bestalde, Nafarroan boza eman dutenen artean, Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako Presidentetzarako hautagaia, Uxue Barkos (Geroa Bai), Ana Beltran Nafarroako Gobernurako PPren hautagaia, Maite Esporrin PSNren Iruñeko Udalerako hautagaia, Pablo Zalba PPNko alkategaia eta Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaia daude.

Guztiek, oro har, hauteskundeetan parte hartzeko deia egin, eta gaurko hitzorduaren garrantzia azpimarratu dute, "aldaketa gaur hasiko baita", hainbat hautagairen irudiko.

Eguneko pasadizoak

Bestalde, gaurko hitzorduak hainbat bitxikeria utzi ditu, hainbat arazo hauteskunde-mahaiak sortzerako orduan eta ezusteko txikiren bat botoa ematera joan direnen artean.

Horren harira, boto-kutxak itxi dituen lehen udalerria Villarroya izan da, Gobernuko Ordezkaritzak zabaldutako informazioaren arabera. Errioxako udalerri horretan botoa emateko eskubidea zuten bederatzi herritarrek lehen minutuetan bozkatu dute, eta boto-kutxak 09:02rako itxi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Hauteskundeak Euskadin Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Nafarroako Hauteskundeak Hauteskunde Autonomikoak