Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Hauteskundeen ondoren, noiz osatuko dituzte udalak?

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAEko udalak ekainaren 13an osatuko dituzte, eta egun horretan bertan aukeratuko dituzte alkateak ere.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAEko udalak ekainaren 13an osatuko dituzte, eta egun horretan bertan aukeratuko dituzte alkateak ere. Nolanahi ere, hautetsien aurkako helegiterik aurkeztuko balute, prozesua uztailaren 3ra atzeratuko litzateke. Nafarroako Parlamentua ekainaren 17an osatuko dute.

Legearen arabera, hauteskundeak egin eta 20 egunera osatu behar dira udalak. Oraingoan, ekainaren 13an beteko da epe hori.

Nolanahi ere, hauteskunde-helegiterik aurkeztuz gero, hauteskundeak egin eta 40 egunera litzateke saioa, hots, uztailaren 3an.

Udal gobernua osatzeko saioan alkatea ere hautatuko dute. Alkategaiak zerrendaburuak baino ezin dira izan, eta zinegotzien gehiengo absolutua lortzen dutenak bihurtuko dira alkate.

Gehiengo osoa izan ezean, boto gehien izan dituen alderdiko zerrendaburua izendatuko dute alkate. Berdinketa kasuan, zozketa bidez egingo dute.

100 eta 250 biztanle arteko herrietan, baina, edozein zinegotzi izan daiteke alkategai. Gainerako prozesua berdina da.

Batzar Nagusiak, korapilatsuago

Batzar Nagusiak uztailaren 13a baino lehen osatuko dira. Alabaina, ahaldun nagusia aukeratzeko prozesua zailagoa da, aldez aurretik lurralde batzordeak osatu eta bateraezintasun saioak egin behar baitituzte.

Bizkaian, lehen saioa 17 batzarkidek (guztira 51 dira) akta jaso eta zazpi egunera egin beharra dago.

Lehen saio horretan, Ganberako Mahaia osatuko dute, eta, halaber, beste saio bat deituko dute, zazpi eguneko epean, Bateraezintasun Batzordea izendatzeko. Ondoren, batzorde horrek beste zazpi egun izango ditu txostena aurkezteko.

Horren ostean, beste saio bat deitu behar dute, Mahaiko presidenteak epe barik beste saio bat dei dezan, ahaldun nagusia hautatzeko.

Araban, hiru saio egin behar dituzte ahaldun nagusia hautatu baino lehen. Ganberak 10 egun ditu hautetsiak izendatzen dituztenetik beste saio bat egiteko, eta ondoren bateraezintasun saio bat egin behar da zazpi egunetan. Azkenean, hirugarren saioan, ahaldun nagusia aukeratuko dute. Azken saioa lehenengoa egin eta hilabetera, gehienez ere, egin beharra dago.

Gipuzkoan ere hiru saio egin behar dituzte: lehenengoa, hautetsiak izendatu eta 14 egunera gehienez jota; bigarrena, bateraezintasunak aztertzeko, eta azkena, ahaldun nagusia hautatzeko.

Nafarroako Parlamentua ekainaren 17an osatuko dute

Nafarroako Parlamentua osatzeko saioa ekainaren 17an egingo dute, 11:00etan. Egun horretan emango diote hasiera IX. Legealdiari. Bestalde, Nafarroako udalak ere ekainaren 13an osatuko dituzte.

Parlamentuari dagokionez, ekainaren 17an aukeratu beharko dute Parlamentuko presidentea eta hurrengo lau urteetarako Mahaiko ordezkariak.

Aurreneko bozketa horretan ikusi beharko da Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak euren botoak batzen dituzten. Akordioa lortzekotan, UPN Nafarroako Gobernutik kanpo geratuko litzateke.

Behin Parlamentua osatuta, Nafarroako presidentea aukeratu beharko da. Parlamentuak aukeratu beharko du, bere kideen artean, eta, ondoren, Espainiako erregeak izendatu.

Bozketa sekretu bidez aukeratuko dute presidentea. Gehiengo absolutua lortu beharko du hautagaiak, eta, lortu ezean, bigarren bozketa bat egin beharko dute 24 ordu geroago. Gehiengo sinplea beharko du hautagaiak bigarren bozketa horretan.

Hauteskundeak egin eta hiru hilabetera hautagairik ez balego, edo gehiengo sinplea inork lortu ezean, Parlamentua desegin eta hauteskundeak deituko lituzkete berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea