Udal eta Foru Hauteskundeak -

Itunak

Ahal Dugu eta EH Bildu bat datoz politika sozial eta ekonomikoetan

Hala ere, identitate eta bakegintza arloetan agerian geratu dira bien arteko desadostasunak. Lehen bilera egin dute astearte honetan.

Podemos-EH Bildu
Podemos-EH Bildu
EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren arteko bilera, Bilbon

00:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Ahal Dugu Euskadik lehen bilera ofiziala egin dute astearte honetan, eta politika sozial eta ekonomikoetan bat egin dute bi alderdiek. Identitate eta bakegintza arloetan, baina, agerian geratu dira desadostasunak. Azken horri lotuta, Ahal Duguk adierazi du ezker abertzaleak oraindik ez dituela eman beharrezko pauso guztiak egin.

Hasier Arraiz eta Roberto Uriarte buru zituzten ordezkaritzak Bilbon elkartu dira, EAren egoitzan, udal eta foru hauteskundeen ondorengoko egoera aztertzeko.

Hitzordua bukatuta, Arraiz ''pozik'' azaldu da, bilera ''positiboa'' izan delako. "Bat gatoz politika sozialetan eta ekonomikoetan, eta horrek elkarlanerako aukera irekitzen du'', esan du EH Bilduko ordezkariak.

Hala ere, onartu egin du identitateari dagokionez jarrerak ez datozela bat. ''Gure arteko aldea seguruenik hainbestekoa ez dela helarazi nahi izan diegu, eta erabakitzeko eskubidean elkartu egingo garela'', azaldu du Sortuko presidenteak.

Bakegintzaz eta bizikidetza demokratikoaz hitz egiteko asmoa azpimarratu du Arraizek, hainbat gaitan akordioak lor ditzaketela iritzita.

Ahal Dugu

Roberto Uriarte Ahal Dugu Euskadiko buruak nabarmendu duenez, bestalde, ''lehen bilera'' izan da gaurkoa. "EAJrekin izan genuenaren antzekoa izan da. Hala ere, jeltzaleekin bestelako diagnostikoa geneukan egoeraren inguruan, eta Bildurekin, ordea, adostasun gehiago ditugu maila sozioekonomikoan. Hala ere, desadostasunak daude bakegintza eta identitateari dagokionez'', azaldu du.

"Printzipioz ez dago ezintasunik etorkizunean akordioak lortzeko, baina gauzak oraindik heldugabe daude. Elkar ezagutzeko bilera izan da, hitz egiten hasteko; mahai gainean ez da egon akordiorako aukera zehatzik'', gaineratu du.

Azkenik, Uriartek argitu du Madrildik ez dutela inolako ''lerro gorririk'' ezarri EH Bildurekin balizko akordioak egiteko. ''Maila bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, autonomiaz, baina jakinda erabaki horiek ondorioak izango dituztela maila zabalagoetan'', azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Euskadiko Podemos-eko albisteak