Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Balizko itunez aritu dira Nafarroako Gobernurako presidentegaiak

Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek atzo egindako adierazpenen harira, balizko akordioak izan dituzte hizpide gaur Nafarroan.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaia. Argazkia: EiTB
Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaia.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oroimena, gazteria edo euskaraz bezalako gaiak entzun dira gaur Nafarroako kanpaina ekitaldietan. Alabaina, eta atzo Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek egindako adierazpenen harira, balizko itunak izan dituzte hizpide Nafarroako Gobernurako presidentegaiek.  

Javier Esparza Navarra Suma koalizioaren presidentegaiak aukeratu egin behar duela esan dio Sanchezi: “Nafarroako herritarren borondatea errespetatzea edo Josu Urrutikoetxearen lagunen eskuetan egotea erabaki behar du”.

Ildo horretan, Esparzak adierazi du PSOEk EH Bildurekin bat egiten badu, “sozialismoaren baloreei uko” egingo diola.  

Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak Pablo Iglesiasek atzo egindako adierazpenak eskertu ditu. Podemoseko buruzagiak Nafarroako Gobernuaren lana azpimarratu zuen, elkarrizketaren eta politika progresisten alde egindako apustuagatik.

Pedro Sanchez, berriz, kritikatu egin du. “Duintasuna, justizia eta erreparazioaren alde egin duguna kontutan hartuta, ez dugu inoren leziorik onartuko”, adierazi du. “Memoria historikoari lotuta Nafarroan 40 urtetan ezer egin ez duen alderdi batengandik ez dugu leziorik onartuko”, erantsi du.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaiak iragarri du Euskararen Lege berria onartzea izango dela koalizio soberanistaren helburuetako bat datorren legegintzaldian.

Podemosek Nafarroako Gobernuan sartzeko egin duen eskariaren harira, Ruizek esan du aldaketa Nafarroan “anitza” dela eta aniztasun horrek “lidergo bateratuak” behar dituela, baina gehiago hori EH Bilduk zuzentzeko unea iritsi dela.

Mikel Buil Podemoseko presidentegaiari alderdi horrek PSNrekin egin dezakeen balizko akordioaz galdetu diote kazetariek, eta aukera hori ez du baztertu. “Gure alderdia transbertsala da; guretzat gizartea eraldatzeko helburu programatikoak adostea da lehentasuna. Guk ez dugu marra gorririk jartzen”, azaldu du.

Maria Chivite PSNko presidentegaiari, berriz, Podemosi buruz galdetu diote, eta ondokoa erantzun du: “Akordio progresistak egitea eta zuzentzea da gure helburua”.

Geroa Bairekin gobernua osatzeko aukera, berriz, baztertu egin du. Navarra Suma koalizioarekin gobernua osatuko lukeen galdetuta, Chivitek esan du ez dagoela formula parlamentariorik botorik baztertzea debekatzen duenik. Era berean, azpimarratu du bere asmoa gobernatzea dela eta, bide horretan, PSNren programa babesteko prest daudenen babesa onartzeko prest egongo litzatekeela.

Bestalde, Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon Tuteran izan da, eta Iruñerria eta Erribera arteko arrakala amaitzeko apustua egin du. Eneko Larrate eta David Alvarez Tuterako eta Castejongo alkateak izan ditu ondoan.

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak