Udal eta foru hauteskundeak -
26M
Euskal alderdietako buruek botoa emateko eskatu diete herritarrei
Andoni Ortuzar (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Lander Martinez (Ahal Dugu) eta Alfonso Alonso (PP) bat etorri dira parte-hartze handia eskatzean.
Agentziak | Erredakzioa
EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzar ziur agertu da euskal herritarrek, aurreko hauteskunde orokorretan bezala, "mezua ulertuko dutela eta masiboki bozkatzera joango direla". "Botoa da demokrazia mantentzeko eta indartzeko eta Euskadi defendatzeko erremintarik onena", gehitu du.
12:00ak pasata eman du botoa Ortuzarrek Abanto-Zierbenan (Bizkaia). Esan duenez, bere mezua "apirilaren 28ko bera" izan da.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan duenez, koalizioa "hauteskunde gaueko sorpresa izango da berriro", "beste jauzi" bat emango duelako eta aurreko hauteskundeetan "martxan jarritako olatua handiago egingo duelako".
10:30etan Elgoibarren (Gipuzkoa) botoa eman ostean, Otegik esan du gaurko hauteskunde eguneko erronkak "Estatuko ezker soberanistekin batera milioi boto bat baino gehiago lortzea, Pernando (Barrena) Europara eramatea, Gasteiz, Araba eta Gipuzkoa irabaztea", eta "Nafarroan aldaketa mantentzea" eta "Bizkaian alternatiba hobetzea" dela.
PSE-EEko idazkari orokor Idoia Mendiak ere botoa emateko deia egin du, hiriak eta Europa aldatzen eta hobetzen jarraitzeko.
"Gaur oso egun garrantzitsua da herritar guztientzat. Aurten 40 urte beteko dira udal demokratikoak eratu zirenetik, Espainian botoaren eskubidea berriz konkistatu zenetik eta, beraz, herritar guztiei eskatzen diet botoa ematera joateko, gure hiriak era Europa aldatzen eta hobetzen jarraitzeko", esan du, Bilbon botoa eman ostean.
Ahal Duguko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek parte-hartze handia egon dadila eskatu du, eta gogorarazi du "Euskadiko erakundeetako boterearen zati handi bat" jokoan dagoela.
11:00etan Bilbon botoa eman ostean, ahalik eta parte-hartzerik handiena egoteko nahia adierazi du. Esan duenez, Europako hauteskundeak "oso garrantzitsuak" izan arren, batzuetan "oharkabean" igarotzen dira, eta hori "ez da oraingoan gertatuko, asko dugulako jokoan".
Alfonso Alonso EAEko PPko buruak "parte-hartze altua" izan dadila eskatu du, eta herritarrei "sentimenduak" kontuan hartuta bozkatu dezaten eskatu die, baina baita "arrazoia" eta "onena zer den" buruan izanda ere.
Alonsok 12:00ak inguruan eman du botoa Gasteizen, eta "boto bakoitza oso garrantzitsua" dela gogorarazi du.