Udal eta foru hauteskundeak -
Hauteskunde galdeketa
EAJk irabaziko luke EAEko hiru hiriburuetan, eta Navarra Sumak, Iruñean
EAJk 5 hamarren eskaseko aldea aterako lioke EH Bilduri Gasteizen, eta gehiengo osoa lortzeko aukera izango luke Bilbon. Navarra Sumak zinegotzi bat gehiago irabazteko aukera izango luke Iruñean.
eitb.eus
Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udal hauteskundeak, eta Navarra Sumak irabaziko lituzke Iruñean, Gizaker etxeak EiTBrentzat egindako hauteskunde galdeketaren arabera. Emaitza ofizialak esteka honetan ikus daitezke.
Gasteizen, jeltzaleen garaipena estua izango litzateke. EAJk (botoen % 24,4) bost hamarren eskaseko aldea aterako lioke EH Bilduri (botoen % 23,9). 7-8 zinegotzi lortuko lituzke bakoitzak.
PPk 12 puntu gutxiago (botoen % 18,3) lortuko lituzke, eta, ondorioz, 5-6rekin geratuko litzateke, 3-4 zinegotzi galduta. PSE-EEk laugarren indarra izaten jarraituko luke (botoen % 14,1), 4 zinegotzirekin. Elkarrekin Podemosek behera egingo luke (botoen % 11,6), baina zinegotzi kopuru bera izaten jarraituko luke Gasteizen (3).
Bilbon, EAJk 14-15 zinegotzi lortuko lituzke, botoen % 44,2 jasota. Horrela, gehiengo absolutua (15) lortzeko aukera luke.
EH Bilduk 4 puntu egingo lituzke gora (botoen % 18,3), eta, ondorioz, bi zinegotzi gehiago lortuko lituzke, 6raino iritsita. PSE-EEk (botoen % 12,3) 4 zinegotzi eskuratuko lituzke, eta Elkarrekin Podemosek (botoen % 9) 3-4 zinegotzi lortuko lituzke. PPk botoen % 7,4 lortuko lituzke; beraz, 2 zinegotzi izango lituzke, orain arte baino bi gutxiago.
Donostian, EAJk botoen % 37,2 lortuko lituzke (aurrekoetan baino 7 puntu gehiago), eta 11 zinegotzi lortuko lituzke (2 gehiago).
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 3 puntu (botoen % 24,3) eta 7 zinegotzi gehiagorekin, PSE-EE (botoen % 18,3) aurreratuta. Sozialistek 5 zinegotzi lortuko lituzkete, bi galduta.
Elkarrekin Podemosek 2 zinegotzi izaten jarraituko luke (botoen % 7,9), eta PPk 2 zinegotzi izango lituzke, bat galduta (botoen % 7,3).
Iruñean, Navarra Suma izango litzateke hauteskundeetako irabazlea (botoen % 34,4), eta zinegotzi bat irabazteko aukera luke (10-11), UPN, PP eta Ciudadanos alderdien arteko batuketarekin alderatuta 4 puntu galduko balituzke ere.
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra (botoen % 23,3), bi zinegotzi gehiago irabazita (7 izango lituzke) 7 puntuko igoerari esker. PSN izango litzateke hirugarren indarra (botoen % 13,4), zinegotzi bat gehiago lortuta (4 eskuratuko lituzke) 3 puntuko igoerari esker. Geroa Baik 3 puntu egingo luke behera (botoen % 12,8), eta laugarren indarra izango litzateke, 1-2 ordezkari galduta; 3-4 izango lituzke.
Izquierda-Ezkerrak berdin jarraituko luke (botoen % 6), zinegotzi bat gehiago lortzeko aukerarekin; 1-2 eskuratuko lituzke. Podemos Nafarroako hiriburuko udalean sartuko litzateke zinegotzi batekin (botoen % 5,7). Aranzadik orain arte zituen hiru zinegotziak galduko lituzke.
Fitxa teknikoa
Gizaker enpresak EiTBko albistegientzat egindako galdeketa. EAEn eta Nafarroan bizi diren 2.400 pertsonari (Gasteizen 600, Bilbon 600, Donostian 600 eta Iruñean 600) egin zaie galdeketa.
La= ±% 4,00, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, hiriburu bakoitzeko datuetarako.
Sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Landa-lana 2019ko maiatzaren 24an, 25ean eta 26an (goizez) egin dute, telefono bidezko elkarrizketak eginez.