X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Gorenaren erabakia
Bildu legeztatzearen alde agertu da Gemma Zabaleta
Demokraziaren ikuspuntutik "akatsik gabeko" bi alderdik osatutako koalizioa hauteskundeetatik kanpo uztea "ulertzerik" ez dagoela uste du Zabaletak.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak Bilduren auziaren inguruan hitz egin du gaur goizean. Auzitegi Gorenaren erabakia onartu egiten duela esan du, baina epaiarekin ados ez dagoela gaineratu du.
Demokraziaren ikuspuntutik "akatsik gabeko" bi alderdik osatutako koalizioa hauteskundeetatik kanpo uztea "ulertzerik" ez dagoela uste du Zabaletak.
Erabakiaren aurka egin zuten sei epaileekin "bat" egin du Gemma Zabaletak "argi eta garbi". Sailburuak Lanbide Enplegu Zerbitzu berriaren aurkezpenean, Irunen, esan ditu hitzok. Hala ere, Gobernuak hartutako erabakiei buruz ez da mintzatu.
ETAren garaipena "inoiz baino gertuago" dagoen unean, eta Batasuna "ETArengandik inoiz baino urrunago dagoenean" Bilduri zerrendak aurkeztea debekatzea "zentzugabekeria" da Zabaletaren ustez.
"Demokraziaren ikuspuntutik gehien kezkatzen nauena hori da, legalak diren bi alderdik hauteskundeetan parte hartzeko baimenik ez jasotzea", esan du Zabaletak. "Baimentzen duen demokrazia debekatzen duena baino indartsuagoa da".
Lehendakariak izan duen jarrera "argia eta irmoa" izan dela azpimarratu du sailburuak. PSEko kide "denek" pentsatzen dutena igorri duela nabarmendu du.