X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Bilduk ez dio ETAri PPk eta PSOEk eman dioten protagonismoa eskainiko
Oskar Matute (Alternatiba) koalizioaren bozeramaileak iragarri du kanpainako ekitaldi nagusia datorren larunbatean izango dela Barakaldoko BECen.
Erredakzioa
Oskar Matute (Alternatiba) Bilduren bozeramaileak azpimarratu du koalizioak ez duela PPren eta PSOEren "bidea" jarraituko eta ez diola ETAri "protagonismoa" emango kanpainako ekitaldietan.
Matutek Donostian emandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, kanpainako ekitaldi nagusia datorren larunbatean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, egingo dutela jakinarazteko egindako agerraldian.
Koalizioak mitin hori "oso jendetsua" izango dela espero du, orduan, kazetariek galdetu diote ea ETAri armak uzteko eskaria egiteko aukera ona izan daitekeen. Matutek erantzun die Bilduk ez duela ETA erabiliko gizarteari egin nahi dizkion proposamenak "ezkutatzeko".
"Gure ikuspuntua oso argia da indarkeriari dagokionez, baita ETAren kasuan ere, baina ez gara gu izango PSOEren eta PPren bidea jarraituko dugunak, ETAri protagonismoa ematen diote eta ez da komeni, herritarrei benetan interesatzen zaiena arazoei aurre egiteko ditugun proposamenak entzutea da", azpimarratu du.
Horren harira, Matutek esan du Bilduk proiektuak eta programak alderatu nahi dituela kanpainan, ETA hauteskunde-kanpainaren erdigunean jarri gabe, izan ere, "horretarako PP eta PSOE daude".