X-eleccionesmunicipalesforales-X -
M22ko hauteskundeak
PSOEk porrota jaso du Estatuan
PPk 6.831.464 boto jaso (% 37,36) eta 23.382 zinegotzi lortu ditu. PSOEk 5.089.491 boto lortu (% 37,36) eta 19.142 ordezkari eskuratu ditu.
Erredakzioa
PP Estatuko alderdirik bozkatuena izan da, izan ere, Alderdi Popularrak 6.831.464 boto (% 37,36) eta 23.382 zinegotzi lortu ditu. PSOEk 5.089.491 boto (% 37,36) eta 19.142 ordezkari eskuratu ditu.
IU Espainiako hirugarren alderdia da, 1.153.098 boto jasota (% 6,31). Horrela, 1.955 zinegotzi lortu ditu Izquierda Unidak. Bien bitartean, UPyDk 384.309 boto eta 139 zinegotzi (% 2,10) lortu ditu.
Lurraldeko alderdien artean, CiUk 702.297 boto (% 3,84) eta 3.653 zinegotzi eskuratu ditu, eta EAJk 312.607 boto (% 1,71) eta 850 zinegotzi lortu ditu. Bestalde, Bildu koalizioak 299.931 boto (% 1,64) eta 1.115 zinegotzi eskuratu ditu.
Duela lau urte, azken udal-hauteskundeetan, PPk garaipena lortu zuen, 7.916.075 botorekin eta 23.348 zinegotzirekin (% 35,62). PSOEk 7.760.865 boto jaso zituen (% 34,92) eta 24.029 zinegotzi lortu zituen. IUk 1.217.030 boto (% 5,48) eta 2.034 lortu zituen.
Rubalcaba
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak PP zoriondu du hauteskundeak "erraz" irabazi dituelako eta hauteskunde orokorrak aurreratzeko erabakia Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen esku utzi du.
Madrilgo Diputatuen Kongresuan eman du prentsaurrekoan Rubalcabak hauteskundeetako emaitzen berri emateko.
PPk garaipena lortu du erkidego gehienetan
Valentzian PPk botoen % 47,91 eta 54 parlamentari lortu ditu. PSPVk botoen % 27,77 jaso ditu. Era berean, Alderdi Popularrak Madrileko Parlamentuko gehiengo absolutua berretsi du, 68 eserleku lortuta. Bien bitartean, sozialistek hiru ordezkari galdu dituzte (39).
Balear Uharteetan, PPk botoen % 46,57 jaso eta 34 parlamentari izango ditu. PSOEk bozen % 22,90 eskuratu ditu eta 14 ordezkari izango ditu Erkidegoaren Ganberan.
Errioxan Alderdi Popularrak gehiengo absolutua lortu du bosgarren aldiz jarraian, 20 diputaturekin. Bien bitartean, PSOEk 11 diputatu lortu ditu (hiru gutxiago).
Era berean, PPk hauteskundeak irabazi ditu Aragoin, 31 eserleku eskuratuta (67 ditu bertako Parlamentuak).
Extremaduran, PPk botoen % 46,37 eta 33 eserleku lortu ditu. PSOEk, ostera, botoen % 42,74 eta 29 diputatu lortu ditu.
Gainera, PPk gehiengo absolutua errepikatuko du Gaztela eta Leonen (54 ordezkari) eta PSOErekiko (29) zuen aldea handitu du.