Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
EH Bilduk Aiaraldea suspertzeko konpromisoa hartu du
Eva Lopez de Arroyabe koalizioaren Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak inguru hori biziberritzeko anbiziorik ez edukitzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri.
agentziak | eitb media
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako ahaldun nagusigaiak Aiaraldea suspertzeko konpromisoa hartu du, eta inguru hori biziberritzeko anbiziorik ez edukitzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri.
Ainize Gastaka Laudioko alkategaia aurkezteko ekitaldian Lopez de Arroyabek azaldu duenez, erakundeek "zor historikoa" dute Aiaraldearekin.
Ahaldun nagusigaiak azpimarratu du Aiaraldea biziberritzerako 27 milioi euroko inbertsioa egin dela orain EH Bilduren ekimenez, baina EAJk eta PSE-EEk lau urte atzeratu dutela egitasmoa.
"Herri honek ez du miseria horiek estaltzeko propagandarik eta komunikazio estrategiarik behar, baizik eta lidertza berriak eta erantzun irmo eta eraginkorrak jendearen bizi baldintzak hobetzeko eta izaten ari den atzerakada ahultzeko", gaineratu du.
Hautagaiak, bestalde, goraipatu egin du enpleguen defentsan langileak eskualde horretan egiten ari diren borroka, besteak beste Madres Mercedariasen, Abasolo tailerretan eta Glavista-Autoglasen.