Udal eta foru hauteskundeak -
KANPAINAURREA
Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiako ahaldun nagusigaiak adinekoen zaintza "hobetu"ko duela hitz eman du
Gernikan, Eskualderako Erreferentziazko Zentro baten sorrera bultzatuko duela esan du, eta hala, "egungo zentroetan ematen ez den arreta behar dutenek, baina ospitaleratuta egon beharra ere ez dutenek, zerbitzu hori izango lukete".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko Foru Aldundirako hautagiak zin egin du datorren legealdian adineko zaurgarrien zaintza "hobetu"ko duela.
Administrazio Publiko eta Harreman Instituzionaletarako egungo foru diputatua, Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko buruaren zein Xabier Irazabal Gernikako alkategaiaren ondoan agertu da gaur Gernikan egin duen agerraldian.
Izan ere, Gernikan bertan, Eskualderako Erreferentziazko Zentro baten sorrera bultzatuko duela iragarri du, eta hala, "egungo zentroetan ematen ez den arreta behar dutenek, baina ospitaleratuta egon beharra ere ez dutenek, zerbitzu hori izango lukete".
EtxeTIC mendekotasunen bat izanagatik etxean bizi den jendeari laguntzeko zerbitzuaren zentro berri bat eta erresidentzietako ratioen hobekuntza ere iragarri ditu.
Eskualderako izango lituzkeen beste hainbat proiekturi ere erreferentzia egin die: Urdaibain lehiakortasuna bultzatzeko plan estrategikoa, Bilboko Guggenheima handitzea eta Sollubeko portuaren erreforma, besteak beste.
Xabier Irabazal alkategaiak, bere aldetik, eskualdeak "bultzada handi bat" behar duela esan du, "babes ekologiko eta kulturala garapen ekonomikoarekin lotuko duena" eta horretarako, euskal instituzio guztiek elkarrekin lan egin behar dutela nabarmendu du.