Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
M28an "eredu bat edo bestea" bozkatzea ez dela gauza bera esan du Urkulluk
Lehendakariak nabarmendu duenez, "teknologia alorreko nazioarteko mapan" kokatuta dago Euskadi, Donostian egingo duten IBMko superordenagailu kuantikoari aipamena eginda.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak larunbat honetan azpimarratu duenez, M28an "eredu bat ala bestea aukeratzea ez da gauza bera, ezta bozkatzea ala ez". Urkulluren esanetan, "Donostiak, Gipuzkoak eta Euskadik etorkizun oparoa izan dezaten, zer egin behar dugun eta erronkak zeintzuk diren EAJk badaki".
Donostiako Zuloaga plazan izandako ekitaldi batean parte hartu du Urkulluk, Eneko Goia alkategaiari eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldungaiari babesa erakusteko helburuz.
Lehendakariak nabarmendu duenez, "teknologia alorreko nazioarteko mapan" kokatuta dago Euskadi, Donostian egingo duten IBMko superordenagailu kuantikoari aipamena eginda. "Jaurlaritzaren konpromisoa da Gipuzkoako hiriburuan izango diren zientzia eta teknologia proiektuak Euskadirekin partekatzea", adierazi du, besteak beste, "Miramongo parke teknologikoa zabaltzea edo Eskuzaitzetako parkea".