Itxi

Herriak eta Hiriak

Ospakizun jendetsua

Donostia eta Bilbon San Tomas eguna ospatzen ari dira, eguraldiak lagunduta

eitb.eus

Milaka lagun espero dira Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan. Halaber, beste hainbat txokotan ere, jai giroa izango da nagusi, Azpeitian edo Errenterian, kasu.

1:25
Bilbo San Tomas 2018

Gaur, abenduak 21, San Tomas eguna izanik, egun handia dute Bilbon, Donostian, eta Euskal Herriko beste hamaika herritan. Egun jendetsua espero da, asko baitira Gabonetako oporrak ostiral honetara aurreratu dituztenak. Ikastola eta eskoletan ere, haur askok goizez baino ez dituzte eskolak.

Eguraldia lagun, azokaz gozatzeko aitzakiarik gabeko eguna da gaur. Aurten, beste urteetan baino jendetza handiagoa espero dute Bilbon zein Donostian, hainbat arrazoi tarteko. Batetik, asko dira Gabonetako oporrak aurreratu dituztenak, eta, bestetik, ikastola eta eskoletan ere, haur askok goizez baino ez dituzte eskolak.

Gainera, Euskalmetek iragarritakoaren arabera, ez da euririk egitea espero; horrela, uste baino lagun gehiago izan daitezke egun honetan buelta bat ematera animatuko direnak.

Bilboko San Tomas azokaren 71. edizioak 275 saltoki ditu. 135 baserritarrek sasoiko produkturik onenak jarri dituzte salgai bertan, eta horietako askok fruta, barazki, gazta, ogi, txakolina, gozoki, ezti, animalia eta landare lehiaketetan parte hartu dute.

Milaka lagun taloa eta txorizoa dastatzeko aukera izan dute hiru eremutan zabaldu dituzten txosnetan. Hain zuzen ere, talo onenaren txapelketa izan da aurtengo berritasun nagusia, BilbaoDendak elkartearen ekimenez.

Egunean zehar, 100.000 bat pertsona azokara hurbiltzea espero du BBK Fundazioak. Merkatuak hiru eremu ditu: Areatza (172 saltoki), Arriaga Plaza (48) eta Plaza Barria (55).

Halaber, Bilbobuseko eta Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan 24 orduko greba abiatu dute gauerdian, eta autobus zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak bakarrik ibili dira.

San Tomas Azoka Bilbo 2018 efe

Inaugurazio ekitaldia

Bilbon, Jorge Fernandez aurkezleak inaugurazio ekitaldian parte hartu du. Bertan, emakumeen alde eta indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten hainbat elkarteren lana nabarmendu du BBK Fundazioak (San Tomas Azoka antolatzen duen erakundeak).

Zehazki, ondorengo elkarte hauek urtean zehar egindako lana aitortu dute: Bagabiltza, Haize Berria, Askabide, Clara Campoamor eta Piper Txuriak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere inaugurazio ekitaldian izan da. Bere iritziz, oso aproposa izan da aurtengo azokan indarkeria matxistaren aurkako borrokari garrantzia eman izana, “duela gutxi emakume bat bortizki hil zutela jakin ostean batez ere”.

Giro ezin hobea Donostian

Bestalde, Donostiako San Tomas Azokan, guztira 205 postu prestatu dituzte; Gipuzkoa plazan, Konstituzio plazan, Sarriegi plazan, Okendo plazan, Zuloaga plazan, Boulevard etorbidean eta Elkano eta Txurruka kaleetan banatuta; iaz baino lau postu gehiago.

Guztira, 53 txistor postu, 22 gozoki postu, 13 talo postu, 13 gazta eta esneki postu, eta 49 eskulangintzako produktuen postuak izan dira.

Horrez gain, San Tomas eguneko azokak mota guztietako jendeari zuzendutako euskarazko kulturarekin lotutako programazioa ere eskaini du. Trikitixa, aizkolariak, pilota, haurrentzako tailerrak, abereen erakusketa, lehiaketak eta musika. Gustu askotako jende ugari erakarri dute.

Aurten, ikastetxeetako postuetan alkohola saltzea debekatu du Donostiako Udalak.

Eguraldiaren iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenak bete egin dira, eta oso antzeko eguraldia izan da Bilbon eta Donostian; gorabehera bakarra haizea izan da, zakarrago jo baitu goizean Donostian.

Horrela, lainotuta hasi dute eguna bi hiriburuetan. Tenperatura minimoak 9 eta 10 gradukoak izan dira. Goizean, hodeiak izan dira zeruan, baina egunak aurrera egin ahala, eguraldiak hobera egin du. Dena dela, ez da euririk espero. Tenperatura maximoei dagokienez, 16 gradu inguruan egon dira Donostian, eta gradu bat gehiago izan dute Bilbon, 17 gradu.