11:49

Sanferminak

Jaia hasi da

Lehertu da festa Iruñean!

Erredakzioa

Mikel Martinezek txupinazoa bota du, eta hasiera eman die bederatzi egunez etenik izango ez duten jaiei. Tanta batzuk bota baditu ere, festari indartsu ekin diote milaka eta milaka lagunek.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gora San Fermin! Betiko legean, txupinazoa jaurtita hasi dira 2014ko sanferminak. Orain, etenik gabeko bederatzi jaiegun eta 443 ekitaldi dituzte aurretik festaz gozatzeko bertakoek zein Iruñera hurbildu diren, eta datozen egunetan ere hurbilduko diren, milaka eta milaka lagunek.

Mikel Martinez Nafarroako hiriburuko Gurutze Gorriko presidenteak bota du txupinazoa, eta, horrela, bederatzi egunez etenik gabe izango diren jaiak abiatu ditu.

Martinez 12:00ak jotzear zirenean atera da Udaletxeko balkoira. "Pamplonesas, pamploneses, Iruñeko seme-alabak, ¡Viva San Fermín! ¡Gora San Fermín!" oihukatu, eta orduan lehertu da festa.

"Orain bai urduri!", esan die kazetariei txupina bota ondoren. Aita, familia, ingurukoak eta Gurutze Gorriko boluntarioak izan ditu gogoan Mikel Martinezek  une berezi horretan.

Orain egun batzuk txupinazoa botatzea Everestera igotzea bezalakoa zela esan zuen, eta gaur, horren harira,  "Everestera igo eta orain jaisten hasi naiz", aipatu du.

Eguraldiak, iragarpenak zioenari kasurik egin ez, eta errespetatu egin du jaien hasiera. Goizean tantaren bat bota du, baina ez ekaitzak ez zaparradek ez dute Nafarroako hiriburua hartu txupinazoaren orduan.

Edonola ere, euritan zein ateri, iruindarrek eta bisitariek aukera izango dute jai hauetan izango diren 443 ekitaldi eta ikuskizunetan -ordu erdirik behin ekitaldi bat, gutxi gorabehera - parte hartzeko. 2,4 milioi euroko aurrekontua dute aurtengo jaiek, eta horietatik 952.000 euro ospakizunetara bideratu dira.

Uztailaren 6tik 14ra bitartean izango diren ekitaldi horietatik guztietatik, 320 (% 72 inguru) musikarekin lotuta daude (kontzertuak, berbenak, musika bandak, alardeak eta dantza jaialdiak), haurrentzat 76 jarduera izango dira, zezenen ingurukoak 30 izango dira, 8 herri kirolekin lotuta, eta 9 ekitaldi instituzionalak izango dira.

Udaletxe Plaza, gainezka. Irudia: EiTB

Eta gogoan izan EiTBk zuzeneko irudiak eskainiko dituela uneoro web-kameren bidez. Hona hemen Gaztelu Plazako irudiak

Diru gehiago gastatzen da

Iruñera sanferminez gozatzera etortzen den bisitari bakoitzak 110 euro xahutzen ditu batez beste egunean, Iruñeko Udalak 2013an egin zuen txosten batean ageri denez. Aurreko ikerketetako emaitzekin alderatuta, beraz, bisitariek diru gehiago utzi zuten iaz hirian jaietan.

Oso zaila da hiria zenbat pertsonak bisitatzen duten zehaztea, baina 250.000-300.000 bat direla duela kalkulatzen da.

2006ko datuekin alderatuta, iaz Iruñean lotara geratu zirenek gehiago gastatu zuten; gehien bat, taberna, ikuskizun eta dendetan egindako gastuak igo ziren. Aldiz, ostalaritzan gutxiago gastatu zuten, eta kopuru horrek behera egin zuen pertsona bakoitzeko, 89,9 eurotik 80,63 eurora.

Bideoa, entzierroaren araudi berria azaltzeko

Aurtengo sanferminetan zenbait berrikuntza izango dira. Tartean da Iruñeko Udalak goizero emitituko duen bideoa, Mercaderes kalean, Etxe Mintegiko lehen solairuko balkoi batean ipinitako pantailan. Bertan, entzierroan parte hartuko dutenek bete behar dituzten arauak azalduko dituzte, izan ere, sanferminek ordenantza berria izango dute.

Entzierroak baino gehiago dago sanferminetan. Irudia: EFE

3.350 polizia-agente

3.350 agentek osatuko dute aurtengo segurtasun operatiboa sanferminetan, delituak prebenitzeko, eta delituak izango balira, horiek argitzeko. Txupinazoan sexu erasorik ez izatea zainduko dute bereziki.

Polizia Nazionaleko 900 agente, Guardia Zibileko 1.300, Foruzaingoko 750 eta Iruñeko Udaltzaingoko 400 agente ibiliko dira guztira Nafarroako hiriburuko kaleak zaintzen.

Aurtengo nobedadeetako bat, Enrique Maya Iruñeko alkateak segurtasun operatiboaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, txupinazoan sexu erasoak berehala antzemateko egingo duten zainketa berezia da. Azken urteetan txupinazoaren "irudi txarra" zabaldu duten sexu-erasoak antzemateko arreta berezia jarriko dute.

 

 

 

Iruzkinak