Arrauna
Ondarroako Bandera
Donostia Arraun Lagunakek laugarren aldiz irabazi du Euskotren Liga
G. P. A. | EITB MEDIA
Tolosaldeak oso estropada ona egin du Ondarroako uretan, baina azkenean Joana Halsouet patroiak zuzendutako trainerua gailendu zaio, ehunenengatik izan bada ere. Horrenbestez, bandera eta liga eskuratu ditu Arraun Lagunakek.
Donostia Arraun Lagunakek ez du hutsik egin, eta hirugarren urtez segidan, laugarrenez bere historian, irabazi du Euskotren Liga, gaur Ondarroako Bandera bereganatuta, Liga bukatzeko jardunaldi baten faltan. Ondarroan lortu zuten lehendabiziko bandera elitean, eta Ondarroan borobildu dute denboraldi bikaina.
Edonola ere, gaurkoan Arraun Lagunak ez da ohiko indarrarekin atera, eta estropadako lehendabiziko minutuetan hirugarren tokian joan da, Tolosaldea eta Orioren atzetik, bi segundora; beraz, lehia handia izan da.
Ziabogaren ostean, Arraun Lagunakek aurrea hartu dio Oriori, baina Tolosaldeak oso saio ona egin du, eta azken luzea liderra hiru segundora zuela hasi du. Orio eta Zumaia, berriz, atzean geratu dira.
Garaipena Tolosaldea eta Arraun Lagunaken artean zegoela argi geratu da azken txanparako, eta amaierako metroak zirraragarriak izan dira. Bi traineruak batera heldu dira, eta foto finisha erabili behar izan dute irabazlea nor izan den argitzeko.
Beste behin, eta 44 ehunenengatik izan bada ere, Juan Mari Etxaberen neskak izan dira nagusi (10 minutu eta 50 segundo), eta zoramena piztu da Lugañene ontzian emaitzaren berri jaso dutenean. Orio (+8) eta Zumaia (+11) izan dira hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Ondarroako Bandera bereganatzeaz gain, Euskotren Liga ere irabazi dute, laugarren aldiz historian, eta hirugarren urtez jarraian. Ligan lehiatu diren 15 jardunaldietako 12 irabazi dituzte. Onenak izan dira eta merezita irabazi dute titulua. Hurrengo helburua: Kontxako Bandera.
Bestalde, lehenengo txandan, Donostiarrak eta Hondarribiak borroka latza izan dute, biek ala biek ETE ligara zuzenean jaisteko aukera baitute, eta, ondorioz, tentsio handiko estropada izan da.
Maniobraren ostean, Hondarribia jarri da buruan, eta Donostiarrari lau segundoko tartea atera dio. Itzulerako luzean, baina, Donostiarrak atzetik aurrera egin du, eta aldea murriztu dio Hondarribiari. Gainera, lau ontziak parean iritsi dira azken txanpara, eta emozio handiko bukaera izan da.
Azkenean, Astillero gailendu da, lanak 11 minutu eta 4 segundoan amaituta. Donostiarra eta Hondarribia bata bestearen atzetik sartu dira, 26 ehuneneko tartearekin. Hibaika, berriz, laugarren tokian sailkatu da, bi segundora.
Igandean erabakiko da mailaz bietako zein jaitsiko den, Getarian, Euskotren Ligako azken jardunaldian. Alabaina, estropada nola hasi den kontuan hartuta, Donostiarrak beste kolpe bat eman dio Hondarribiari, aurretik sailkatuta eta, ondorioz, bere alde puntu bat gehiago pilatuta.
Ondarroako Banderaren sailkapena.
Euskotren Ligako sailkapena, Ondarroako Bandera lehiatu ostean.


