Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Ondarroak ezustekoa eman eta Zierbenako bandera bereganatu du

A. A. | EITB MEDIA

Bizkaitarrek 1. txandan egin dute arraun, eta gerora eguraldiak txarrera egin du haize asko altxatu baita, eta hori baliatu du 'Antiguako Amak' estropada irabazteko.

  • Ondarroako trainerua Petronor Bandera jasotzen

    Ondarroako trainerua Petronor Bandera jasotzen. Argazkia: EITB

Ondarroak Petronor Banderaren XXXVIII. ekitaldia irabazi du igande honetan Zierbenan, Eusko Label Ligako 4. jardunaldiaren baitan. Bizkaitarrak lehendabiziko txandan aritu dira, Lekittarra, Tiran eta Zarautzekin batera, eta tarte horretan itsasoaren baldintzak onak izan dira. Alabaina, estropadak aurrera egin ahala, eguraldiak txarrera egin du nabarmen, haizea indartsu agertu baita, eta egoera horri esker 'Antiguako Ama'k denboraldiko lehen garaipena eskuratu du, TKEn lortzen duen lehendabizikoa, hain justu.

Eneko Bilbaok gidatutako taldeak zazpi segundoko aldea atera dio Lekittarrari lehen txanda horretan, eta denbora horrek sailkapen nagusian bigarren postuan amaitzeko aukera eman diete lekeitiarrei.

Hirugarren postuan Santurtzi sailkatu da. Eusko Label Ligako liderra hirugarren ziabogan Ondarroarekiko galtzen zituen 14 segundoak murrizten saiatu da azken luzean, baina arrakastarik gabe. Aitzitik, Hondarribiaren aurretik sartu da eta sailkapeneko lehen postua sendotu du.

Haizearen eraginak etxean arraunean ari zen Zierbenako ontziaren estropada ere zapuztu du. Aurreko egunean Donostiarra Banderaren irabazle izan zirenak bederatzigarren tokia besterik ez dute erdietsi gaurkoan. Orio, bere aldetik, teorikoki faboritoak ziren lau onenen artean egon behar bazuen ere, azken-aurren bukatu du.

Bigarren txandako irabazleak, Cabo da Cruzek, 20 segundo galdu ditu helmugan Ondarroarekiko, galiziarrek Donostiarra eta Bermeo Urdaibai gainditu dituzte.

Petronor Banderako behin betiko denborak:

Petronor Banderako estropadaren denborak. Argazkia: EITB

Petronor Banderako estropadaren denborak. Argazkia: EITB

Eusko Label ligako sailkapen nagusia:

Lau estropadaren ondoren, Eusko Label Ligako sailkapen nagusiak Santurtzi du buruan, egungo txapeldunak, sei puntuko errenta du Hondarribiarekiko. Behealdean, Tiranek Zarautzi pasatu dio azken tokia, orain jaitsiera zuzeneko postuan dagoena.

Eusko Label ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB

Eusko Label ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB