Itxi

Alaves

Apelazio Batzordeak partida batean utzi du Battagliaren zigorra

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Argentinarra 60. minutuan kaleratu zuten Realaren aurka jokatu zuen euskal derbitik, eta bi partidako zigorra ezarri zioten.

  • Rodrigo Battaglia Munuera Monterok kanporatu zuen unean. Argazkia: Efe

    Rodrigo Battaglia Munuera Monterok kanporatu zuen unean. Argazkia: Efe

Apelazio Batzordeak Alavesen alegazioak onartu ditu, eta Rodrigo Battagliari jarritako zigorra bi partidatik bakarrera murriztea erabaki du. Hartara, erdilari argentinarrak Huescaren aurkako partida besterik ez du galduko, Gasteizko taldeak jakitera eman duenez.

Hasiera batean, Lehiaketa Batzordeak bi partidako zigorra ezarri zion Battagliari, iragan jardunaldiko Realaren aurkako partidan (0-0) epaileari "itsua" deitzeagatik.

Argentinarra 60. minutuan kanporatu zuten euskal derbitik, taldekide bati Jose Luis Munuera Montero epailea "itsua" zela eta ez ziela euren aldeko "faltarik" adieraziko esateagatik.

Alabaina, Alavesen aburuz, jokalariak ez zuen zigorrik jaso behar, "talde bereko jokalarien arteko elkarrizketa" zela argudiatuta, adierazpen askatasunaren eskubidea erabiliz. Gaineratu zuenez, jokalariak adierazitakoa ezin zen "arbitroarekiko mespretxu edo begirune faltatzat hartu".

Dena dela, Lehiaketa Batzordeak ez zituenen aintzat hartu Gasteizko taldearen argudioak, eta hark Apelazioa Batzordearengana jo zuen. Batzorde honek, aldiz, partzialki bada ere, kontuan izan ditu Alavesek aurkeztutako arrazoiak.

Bigarren batzorde horren arabera, jokalariak egindako arau-haustea Diziplina Kodeko 119. artikuluari dagokio (eta ez 117.ari).

Horrenbestez, jokalaria jokatzeko gertu egongo da datorren astean, Celtaren bisita hartzeko.