Itxi

Alaves

5-2

Alavesek jaitsiera postuetan amaitu du urtea, Vila-realen aurka galduta

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak porrota jaso du (5-2) Ceramica estadioan jokatu duen Santander Ligako laugarren jardunaldiko atzeratutako partidan. Urtea sailkapeneko 18. postuan amaitu du, 15 punturekin.

1:36
Vila-real vs Alaves

Alavesek galdu egin du Vila-realen aurka (5-2) astearte honetan Ceramica estadioan jokatu duen Santander Ligako laugarren jardunaldiko atzeratutako partida, eta urtea jaitsiera postuan amaituko du.

Arabako taldea sailkapeneko 18. postuan da 15 punturekin, jaitsieratik at dauden Elx eta Getafe taldeekin berdinduta. Azken-aurreko postuan den Cadizek 14 puntu ditu, eta azken postuan dago Levante 8 punturekin.

Erritmo biziarekin ekin diote lehiari bi taldeek, baina abagune argirik sortu gabe. Pixkanaka, etxeko taldea arrisku gehiago sortzen hasi da Pacheco atezainak babesten duen ate inguruan, nahiz eta Alaves ondo ibili den defentsako lanean. Vila-realen lehen abagunea 16. minutuan heldu da, Chukwuezek kanpora bota duen jaurtiketaren bidez, eta minutu bat beranduago Gerard Morenok 1-0ekoa jarri du markagailuan; jokaldi ona egin du Vila-realek, Parejok pase bikaina eman dio Gerard Morenori, eta Kataluniako aurrelariak gola sartu du.

Norgehiagokako lehen golaren ostean, jaun eta jabe izan da Unai Emeryk zuzentzen duen taldea. Partidako 21. minutuan huts egin du Loumek baloia ateratzerakoan, eta Triguerosek alferrik galdu du bigarren gola sartzeko aukera; 27. minutuan, ordea, pase sakona jaso du Boulaye Diak, Pacheco atezainaren aurrean bakarrik geratu da, eta gola sartu du (2-0).

Lehen zatiaren azken txanpan sufritzea egokitu zaio Arabako taldeari. Epaileak baliogabetu egin du Chukwuezeren gola 34. minutuan, Castelloko taldeko jokalaria jokoz kanpo egon delako baloia jaso duenean. Alaves ezinean ibili da, baina 45. minutuan, Luis Riojak eskuin hegaletik egin duen erdiraketa Joseluk ukitu, eta Pere Ponsek desabantaila murriztu du (2-1).

Bi taldeak erasokor zelairatu dira bigarren zatian. Alavesek izan du lehen abagunea, baina Pere Ponsen jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Ia jarraian erantzun du Vila-realek, Pachecok babestutako atea aurkitu ez duen Chukwuezeren errematearekin. Partidako 65. minutuan Pau Torresek falta bat atera du, baloia Joseluri oparitu dio, eta aurrelariak binakoa jarri du markagailuan (2-2) Rulli atezaina gaindituta.

Berdinketaren ostean erasora jo du Vila-realek. Urduritasuna nabaria izan da Emeryk zuzendutako taldean, baina erasora jotzea erabaki eta saria jaso du 76. minutuan; Parejok pase bikaina eman dio Boulaye Diari, eta honek ez du barkatu Pachecoren aurrean (3-2).

Aurkariaren hirugarren gola nola jaso duen pentsatzeko denborarik ere ez dio eman Alavesi Vila-realek, 79. minutuan Yeremi Pinok 4-2koa sartu baitu Boulaye Diak arean ukitutako baloia sare barrura errematatuta.

Vila-realen garaipena Gerard Morenok biribildu du bosgarren gola sartuta (5-2), 87. minutuan; jokaldi dotorea egin dute Pinok eta Pedrazak, Morenok amaiera eman diolarik. Azkenean, Alavesek ezin izan du urtea ondo amaitu.

Fitxa teknikoaa:

5. Vila-real: Rully, Foyth, Albiol, Pau Torres, Estupiñan (Pedraza, 73.min); Capoue (Iborra, 89. min), Trigueros (Alberto Moreno, 73. min), Parejo, Chukwueze (Yeremy, 73. min), Gerard Moreno eta Dia (Moi Gomez, 86. min).

2. Alaves: Pacheco, Martin, Lejeune, Laguardia (Tachi, 84. min), Javi Lopez (Duarte, 77. min); Loum, Tomas Pina (Moya, 77. min), Luis Rioja, Pere Pons (Miguel, 84. min), Sylla (Edgar, 57. min) eta Joselu.

Golak: 1-0, 17. min: Gerard Moreno. 2-0, 27. min: Dia. 2-1, 44. min: Pere Pons. 2-2, 65. min: Joselu. 3-2, 76. min: Dia. 4-2, 79. min: Yeremy. 5-2, 87. min: Gerard Moreno.

Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Martin eta Javi Lopez Alaveseko jokalariei.