Itxi

Athletic Club

21. JARDUNALDIA

Bartzelonak Athleticen bolada ona eten du (2-1)

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Zuri-gorriak etxekoen lehen gola orekatzeko gai izan dira, baina Griezmannek neurketa erabaki duen gola sartu du 75. minutuan.

0
Bartzelona – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak

Bartzelonak 2-1 menderatu du Athletic Santander Ligako 21. jardunaldiari zegokion partidan. Leo Messik 20. minutuan, falta-jaurtiketa bat baliatuz, eta Antoine Griezmannek 74.ean sartutako golek ezerezean utzi dute Jordi Albak bigarren zatiaren hasieran bere atean egindako gola.

Zuri-gorriak apenas gerturatu dira Ter Stegenen ate ondora lehen zatian, eta askoz hobeto zelairatu den Bartzelonaren mende ibili da. Alabaina, aldageletatik igaro ostean, bilbotarren hurbilketak askoz ere zorrotzagoak izan dira, batez ere ezker hegaletik, Yuri Berchicheren barneraldien bitartez.

Berenguerren urruneko jaurtiketa bat, Iñaki Williamsen erremate ahalegina Berchicheren erdiraketa baten ostean eta Raul Garciaren urrutiko saiakera bat izan dira Marcelinoren taldearen gol aukera argienak bigarren zatian.

Hala ere, Bartzelonak partida erabakita utzi ahal izan du aurretik. Lehen zatian, Messiren beste ahalegin batzuetan, eta, bigarrenean, Pjanicen burukada batekin, baina Unai Simonek gelditu apartak egin ditu.

Horrenbestez, bilbotarrek eten egin dute Marcelinorekin zeramaten bolada ona. Izan ere, Bilbora heldu berritan, Ligako partida galdu bazuen ere (Bartzelonaren aurka, hain zuzen), ondoren, bost garaipen jarraian lortu ditu, Superkopa (Real Madril eta Bartzelona), Kopa (Eivissa eta Alcoyano) eta Liga (Getafe) kontuan hartuta. Tartean, Atletico Madrilen aurkako partida atzeratu zen, elur denboralea zela-eta.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza, Umtiti, Araujo, Jordi Alba; Frenkie de Jong, Pjanic (Sergi Roberto, 67. min), Pedri; Dembélé (Braithwaite, 87. min), Griezmann (Lenglet, 84. min) eta Messi.

1 - Athletic: Unai Simón; Capa (Lekue, 84. min), Yeray, Íñigo Martínez, Yuri; De Marcos (Berenguer, 66. min), Dani García, Vencedor (Vesga, 66. min), Muniain; Williams (Villalibre, 84. min) eta Raúl García.

Golak: 1-0, 20. min: Messi. 1-1, 49. min: Jordi Alba (bere atean). 2-1, 74. min: Griezmann.

Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz. Txartel horiak: Raúl García, Yeray, Marcelino Garcia Toral eta Capa (Athletic); De Jong eta Alba (Bartzelona).