Athletic Club
LESIOA
Williamsek bihurritua dauka orkatilan, eta ikusteko dago Espanyolen aurka aritu ahalko den
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Katalanen aurkako neurketan parte hartzeko moduan egongo ez balitz, amaiera emango lioke LaLigan bata bestearen atzetik jokatutako 236 partidako bolada ikusgarriari.
-
Iñaki Williams bigarren jardunaldiko Valentziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Iñaki Williams Athleticeko jokalariak bihurritua du eskuin orkatilako kanpoko lotailuan, Athleticek astearte honetan plazaratutako mediku-txostenaren arabera, eta, hartara, zalantzazkoa da datorren igandean Espanyolen aurka San Mamesen jokatu ahalko duen.
Aurrelariak Cadizen aurka astelehenean jokatutako partidaren bigarren zatia hasi eta berehala hartu zuen min, eta hasiera batean jokatzen jarraitu bazuen ere, handik minutu gutxira zelaia utzi behar izan zuen, Gorka Guruzetari lekua uzteko. Horrenbestez, aurrelari nafarraren lesioa "bilakaeraren zain" geratu da.
Espanyolen aurka jokatu ezin izanez gero, Williams anaietako zaharrenak amaiera emango lioke LaLigan bata bestearen atzetik jokatutako 236 partidako bolada ikusgarriari, duela sei urte baino gehiago hasi zena, 2016ko apirilaren 20an. Kopuru hori errekorra da txapelketaren historian.
Aitzitik, Ernesto Valverde entrenatzaileak Iñigo Martinez eta Mikel Balenziaga jokatzeko moduan izan ditzake aste honetan, abuztu hasieratik baja izan baitira: lehenak min izan du ezker belaunean; bigarrenak, ostera, bihurritu bat izan du orkatilan.