Itxi

Futbola

BERDINKETA

Hutsean berdindu dute Athleticek eta Osasunak

B. L. G. | EITB MEDIA

Athletic nagusi izan da 90 minutuetan baina ezin izan dute nafarren atea zulatu.

  • Diego Moreno eta Iñaki Williams

    Diego Moreno eta Iñaki Williams. Argazkia: EFE

Athleticek eta Osasunak hutsean berdindu dute San Mamesen Santander Ligako 16. Jardunaldia itxi duen partidan. Lehoiak nagusi izan dira partida osoan zehar baina gorritxoek bikain eutsi dituzte Athleticen erasoko oldarraldiak.

Athletic-Osasuna partidako laburpena

Partidaren hasieratik Athletic izan da nagusi jokoan. Berehala Osasuna atzean sartu eta erasoko jokoa bereganatu dute zurigorriek eta Jagoba Arrasatek zuzendutako mutilek ez dute ia zelai erditik igarotzeko aukerarik izan.

Aitor Fernandez izan da gorritxoen jokalari onena eta Yurik 10. minutuan proban jarri ditu atezainaren gaitasunak urruneko jaurtiketa batekin. Gorritxoak, baina, erraz bereganatu du baloia.

Sei minutu beranduago, Iñaki Williamsek baloi bikain bat jarri dio sakonean De Marcosi eta honek atzera pasea egin du. Baloiak Guruzeta ate aurrean bakar-bakarrik utziko zuela zirudien baina Aitorrek pasea bikain moztu du.

Lehen ordu erdia igarota, Athleticen nagusitasuna nabarmena izan da berdegunean. Hala ere, zurigorriek ez dute gola egiterik lortu. Osasunak emaitzari eutsi dio, aparteko aukerarik izan gabe.

Guruzetak izan du gola egiteko etxekoen aukera argiena: 37. minutuan aldaratze bat jaso du eta buelta erdia emanda airez errematatzea lortu du. Beste behin, Aitor Fernandezek zapuztu du etxekoen aukera.

Bigarren zatian partida ez da gehiegi aldatu. Fase batzuetan joko aldetik partida berdindu bada ere, aukerak etxeko taldeak sortu ditu.

Partida amaitzeko ordu laurden falta zela Williams anaietan gazteenak Muniainen erdiraketa bat jaso eta baloia kanpora bidali du. Etxekoen aukera argiena izan da bigarren zatian.

Osasuna baina, garaipenaren bila joateko egin duen azken ahaleginean, saria topatzekotan egon da. 89. minutuan, Manu Sanchez Unai Simonen aurrean bakarrik geratu da. Gorritxoak ez du errematea egiten asmatu eta Athleticeko atezainak izan duen esku-hartze bakanenetakoan bikain egin du.

Azkenean puntuak banatu dira San Mamesen Athletic nagusi izan den euskal derbian.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Zarraga (Villalibre, 85. min), Sancet (Muniain, 63. min); Iñaki Williams (Raúl García, 78. min), Nico Williams eta Guruzeta (Berenguer, 63. min).

0 - CA Osasuna: Aitor Fernández; Diego Moreno, Aridane, David García, Juan Cruz; Torró; Moncayola (Pablo Ibáñez, 87. min), Darko Brasanac (Aimar Oroz, 70. min), Moi Gómez (Manu Sánchez, 87. min), Abde (Rubén García, 58. min); eta Budimir (Kike García, 70. min).

Epailea: Mario Melero López. Txartel horia erakutsi dio Budimirri (65. min).