Itxi

Osasuna

2-2

Osasunak berdindu egin du Elxen aurka, birritan markagailuan aurrea hartu duen arren

A. B. | EITB Media

Talde gorritxoak bina (2-2) berdindu du Martinez Valero estadioan. Birritan aurretik jarri da markagailuan Osasuna, baina garaipenak ihes egin dio.

0
Elx – Osasuna partidako laburpena eta gol guztiak

Osasunak bina (2-2) berdindu du Elxen aurka Martinez Valeron estadioan jokatu duen Ligako 15. jardunaldiko partida, eta jaitsiera postuetan jarraituko du.

Norgehiagokako lehen abagunea Elxek izan du, baina jokaldia gehiegi loratu nahi izan dute etxeko taldeko aurrelariek, eta gola sartzeko aukera alferrik galdu dute. Ondoren, Osasunaren erantzuna etorri da, Badia atezainak gelditu duen Brasanacen jaurtiketaren bidez. Neurketako 9. minutuan, talde gorritxoak gola sartu du; Callerik kontrol bikaina egin du, pase ona eman dio Ruben Garciari, eta honek sare barrura bidali du errematea (0-1).

Gola sartu ostean, nagusi izan da Osasuna eta beste golen bat sartzeko abaguneak izan ditu. Unai Garciak area barruan errematea egin du 22. minutuan, eta langa gainetik kanpora bota du, ate aurrean gola sartzeko erosotasun guztiak izan dituen arren. Atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Roberto Torresek gola sartzeko aukera nabarmena alferrik galdu du.

Gehiegi barkatu du lehen zatian Osasunak, eta Elxek banakoa jarri du markagailuan (1-1) bigarren zatiaren hasieran, Fidelek sartu duen golari esker. Gola hartu ostean, gorritxoak baloiaren jabe egin dira, eta berriro aurrea hartu dute markagailuan, Brasanacen golaren bidez (1-2); Ruben Garciak pase bikaina eman, eta Darko Brasanacek ez du barkatu.

Osasunak bigarren gola sartu eta gero, bazirudien Nafarroako taldeak lehia kontrolpean zuela, baina Elxek neurketa berdindu du, 77. minutuan; huts egin du Osasunak baloia aldentzerakoan, eta Carrillok Ruben atezainak babestutako atea zulatu du (2-2).

Partidaren azken txanpan, bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak, baina ez dute asmatu, eta puntu bana erdietsi dute.

Fitxa teknikoa:

2 - Elx: Edgar Badia; Barragan, Gonzalo Verdu, Calvo (Josema, 46. min), Sanchez Miño (Guido Carillo, 75. min); Josan (Victor, 46. min), Marcone, Fidel, Rigoni; Tete Morente (Nino, 46. min) eta Lucas Boye (Pere Milla, 86. min).

2 - Osasuna: Ruben; Roncaglia, Unai Garcia (Nacho Vidal, 87. min), David Garcia, Juan Cruz; Moncayola (Oier, 59. min); Roberto Torres, Darko Brasanac (Javi Martinez, 73. min), Iñigo Perez, Ruben Garcia (Kike Barja, 87. min) eta Calleri (Budimir, 87. min).

Golak: 0-1, 9. min: Ruben Garcia. 1-1, 46. min: Fidel. 1-2, 64. min: Brasanac. 2-2, 77. min: Carrillo.

Epailea: De Burgos Bengoetxea. Iñigo Perez (Osasuna) egotzi du bi txartel horia aterata. Txartel horia ater dio Guido Carrillo (Elx) jokalariari.