Itxi

Futbola

Europako txapeldun

Ingalaterra, Europako txapeldun, etxean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Sarina Wiegmanek zuzentzen duen taldea Europako txapeldun bihurtu da luzapenean, Alemaniari 2-1 irabazita.

  • Jokalariak garaikurrarekin, garaipena ospatzen.

    Jokalariak garaikurrarekin, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Ingalaterrako selekzioa Europako txapeldun bihurtu da igande honetan Wembleyn jokatutako finalean. Sarina Wiegmanek zuzentzen dituen neskek 2-1 irabazi diote Alemaniari, Ella Toonek bigarren zatian eta Chloe Kellyk luzapenean sartutako golei esker.

Ingelesak 62. minutuan aurreratu dira, Ella Toonek baselina bidez baloia loratuz sartutako golarekin. Halere, azken hamar minutuetan, Lina Magullen berdinketa iritsi da alemaniarrentzat, eta finalak luzapenera joan behar izan du. Etxekoek 109. minutura arte itxaron behar izan dute garaipenaren gola erdiesteko, Chloe Kelly Manchester Cityko jokalariaren eskutik.

Popp, hutsune handia

Alexandra Popp Alemaniako izarra, txapelketako figura handienetako bat izatera deitua, beroketan lesionatu egin da, eta ezin izan du finala jokatu. 5 partidatan 5 gol sartuta, urrezko bota izan zitekeen, baina bere helburuak zapuztu egin dira partidaren atarian.

Historian jende gehien bildu duen finala

Wembleyko norgehiagoka izan da Eurokopen historian ikusle gehien izan duena: 87.192. Aurreko errekorra Espainiako eta Sobietar Batasuneko gizonezkoen selekzioek 1964an Madrilen jokatu zuten finalean zegoen; 79.115 lagun bertaratu ziren orduko hartan.

Fitxa teknikoa:

2 - Ingalaterra: Earps; Bronze, Bright, Williamson, Daly (Greenwood, 88. min); Stanway (Scott, 88. min), Walsh, Kirby (Toone, 55. min); Mead (Kelly, 64. min), White (Russo, 56. min) eta Hemp (Parris, 120. min).

1 - Alemania: Frohms; Gwinn, Hendrich, Hegering (Doorsun, 103. min), Rauch (Lattwein, 113. min); Magull (Dallman, 91. min), Oberdorf, Dabritz (Lohmann, 73. min); Huth, Schuller (Anyomi, 67. min) eta Brand (Wassmuth, 46. min).

Golak: 1-0. Toone, 62. min, 1-1. Magull, 79. min eta 2-1. Kelly, 109. min.

Epailea: Kateryna Monzul (UKR) epaileak txartel horia erakutsi die Ingalaterrako Stanway (23. min), White (24. min), Russo (100. min) eta Kelly (m.111) jokalariei eta Alemaniako Rauchi (41. min), Oberdorfi (57. min) eta Schulleri (58. min).