Itxi

Reala

1. JARDUNALDIA

Realak galdu egin du Bartzelonaren aurka, denboraldiko lehen neurketan (4-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Katalanak gehiago izan dira, batez ere lehen zatian zehar, baina txuri-urdinek bi gol sartu dituzte, eta berdinketa lortzeko itxaropena izan dute une batez, baina ez da hura iritsi.

2:01
Bartzelona vs Real Sociedad

Reala esku-hutsik bueltatu da Nou Camp futbol-zelaitik, batez ere lehen zatian nagusi izan den Bartzelonaren aurka 4-2 galdu eta gero. Aitzitik, dena erabakita zegoela zirudienean, txuri-urdinek bi gol erdietsi dituzte partidaren azken txanpan, eta ezinegona eragin diete etxekoei une batez.

Hala, Piquek bere taldea aurreratu du 19. minutuan burukada batekin, Imanol Alguacilen mutilek gaizki defendatu duten falta-jaurtiketa baten ostean. Gero, Braithwaitek aldea handitu du markagailuan bi gol gehiagorekin: lehenengoa, lehen zatiko luzapenean, 47. minutuan, buruz, eta bigarrena, 59an, Remiroren aldaratze bat aprobetxatuta.

Norgehiagokaren azken txanpan, Realak gatza eta piperra jarri dio lehiari, Julen Lobete eta Mikel Oyarzabal txuri-urdinen gol ikusgarriekin. Lobete debutariak (82. min) ezin hobeto bidali du sare barrura baloia ezker hankarekin, jokaldi eder batean Barrenetxeak egindako erdiraketa baliatuta. Hiru minutu geroago, Oyarzabalek txapela kentzeko moduko gola lortu du area ertzetik egindako falta jaurtiketa batean. Netoren ateko angelu-angeluan jarri du baloia.

Hala ere, Sergi Robertok partida erabakita utzi du 91. minutuan, kontraeraso batean.

Fitxa teknikoa:

4 - Bartzelona: Neto; Dest (Emerson, 70. min), Eric García (Araujo, 83. min), Piqué, Jordi Alba; Sergio Busquets (Nico González, 83. min), De Jong (Sergi Roberto, 71. min), Pedri; Memphis (Lenglet, 89. min), Griezmann eta Braithwaite.

2 - Real Sociedad: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 66. min), Aritz (Pacheco, 81. min), Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Januzaj (Barrenaextxea, 46. min), Portu (Lobete, 66. min); Silva (Bautista, 46. min) eta Oyarzabal.

Golak: 1-0, 19. min: Piqué. 2-0, 47. min: Braithwaite. 3-0, 57. min: Braithwaite. 3-1, 82. min: Lobete. 3-2, 85. min: Oyarzabal. 4-2, 91. min: Sergi Roberto.

Epailea: Hernández Hernández. Txartel horiak: Zubimendi (37. min), Sergio Busquets (57. min), Aritz (61. min), Aihen (62. min), Le Normand (78. min) eta Nico González (84. min).