Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak (itzulikoa)

Napolik eta Real Madrilek lortu dituzte Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako azken txartelak

EITB Media

Italiako taldeak 3-0eko emaitzarekin irabazi dio Eintracht Frankfurti final-zortzirenetako itzuliko partida eta joanekoan ere nagusi izan zirenez (0-2) hurrengo faserako sailkatu dira. Bestalde, Espainiako taldeak mendean hartu du Liverpool 1 eta 0, eta joanekoan 2-5eko emaitzarekin nagusitu zen.

  • Napoli

    Napoli taldeko jokalariak zaleak agurtzen final-laurdenetarako txartela lortu ostean. Argazkia: EFE

Napoli eta Real Madril Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkatu dira asteazken honetan, martxoaren 15ean, final-zortzirenetan Eintracht Frankfurt eta Liverpool kanporatuta hurrenez hurren. Ondorioz, hurrengo faserako azken txartelak poltsikoratu dituzte.

Real Madrilek 1 eta 0 irabazi dio Liverpooli final-zortzirenetako itzuliko neurketa Santiago Bernabeun eta joanekoan ere garaipena bereganatu zuenez (2-5) aurrera egin du txapelketan. Itzuliko norgehiagoka kontrolpean izan du Madrilgo taldeak uneoro. Lehen zatian Alisson Liverpooleko atezainak lan eskerga izan du, eta aurkariaren golak eragotzi ditu, gelditu onak eginda. Liverpoolek ere izan du abaguneren bat edo beste, baina izandako apurretan Thibaut Courtois atezainarekin egin du topo. Partidaren gidoia ez da aldatu bigarren zatian, eta kosta egin zaion arren, Real Madrilek gola sartu du Benzemaren bidez (1-0), 78. minutuan. Azken txanpan ez da gol gehiago egon eta Espainiako taldea izan da garaile.

Bestalde, Napolik garaipena bereganatu du Eintracht Frankfurten kontra 3-0eko emaitzarekin itzuliko neurketan. Italiako taldeak bideratuta utzi zuen sailkapena joanekoan (0-2), baina final-laurdenetarako txartela bermatu du bere zaleen aurrean irabazita. Hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan da etxeko taldea. Osimhemek jarri du 1-0ekoa markagailuan atsedenaldiaren aurretik. Bigarren gola ere Osimhemek sartu du bigarren zatiaren hasieran. Beranduago, garaipena biribildu duena Zielinski izan da, penaltiz gola sartuta (3-0).

Final-laurdenetako zozketa, martxoaren 17an

Txapeldunen Ligako final-laurdenetako zozketa ostiralean, martxoaren 17an, egingo da. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Benfica, Bayern Munich, Chelsea, Milan, Manchester City, Inter Milan, Real Madril eta Napoli.