Korrika 2024
Apirilaren 4tik 14ra
Korrikak klika egiteko, dena prest
eitb.eus
Euskararen aldeko lasterketa Garestik aterako da ostegun honetan, 17:00etan. 2.560 kilometro egingo ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. eitb.eus-ek 24 orduz eskainiko ditu zuzeneko irudiak.
-
Korrikaren 21. edizioaren hasiera. Argazkia AEK
Ostegun honetan egingo du klika Korrikak. Garestik abiatuko da, 17:00etan, eta Lizarratik 18:33an pasatu eta gero, Lodosan egingo ditu eguneko azken kilometroak 23:33tik aurrera, atzean, besteak beste, Deikaztelu (20:53) eta Sesma (22:41) utzita.
Apirilaren 4tik 14ra Euskal Herri guztia zeharkatuko du 21. Korrikak. Iruñea izango da Korrikak harrapatuko duen lehen hiriburua; Gasteiz, berriz, azkena.
Hurrengo 10 egunetan 2.560 kilometro egingo ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. Baina, beste behin ere, Korrikaren mezua mundu osora zabalduko da, mundu osoan barrena baitaude euskararen alde Klika egin duten euskaltzaleak.
28 hiritan egingo da (batzuetan burutu da dagoeneko) lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat, Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Europan, 15 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta 11 Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, Argentinan, AEBetan eta Txilen. Herrialde hauetan indar handia du euskal diasporak. Asian eta Ozeanian, berriz, Shanghain eta Sydneyn antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.
Korrika, EiTBn
Bestalde, EiTBko hedabide guztiek, gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean, Korrikari buruzko informazioa emango dute.
ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean saio bereziak egingo dituzte lehen eta azken egunean, eta zuzeneko konexioak egunero.
Halaber, eitb.eus-ek 24 orduz emango du lasterketaren berri streaming bidez. Horrez gain, atari berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko.
Bertan topa daitezke ibilbidearen nondik norakoak, lasterketaren inguruko berri guztiak, bideoklipak nahiz bideorik eta argazkirik onenak.