Politika -

Europako Kultur Hiriburua

Hautsi egin da Donostia 2016ren aldeko adostasuna Legebiltzarrean

Donostiako Udalean aho batez onartutako adierazpen instituzionalak ez du, gaurkoan, PSE-EEren eta PPren babesa jaso.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak ez du Legebiltzarrean Donostiako Udalean adinako babesa jaso, eta adostasuna hautsi egin da.

Aurreko apirilaren 29an, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Bilduko, PSE-EEko, PPko eta EAJko ordezkariek aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala irakurri zuten, proiektua "aurrera ateratzeko apustu eta konpromiso irmoa" agertzeko.

Gaur, ordea, EAJk eta EH Bilduk bakarrik bozkatu dute adierazpenaren alde, PSE-EEk eta UPyDk kontra bozkatu baitute, eta PP abstenitu egin da.

Dena den, adierazpena onartuta, Legebiltzarrak proiektuari "laguntzeko" konpromisoa hartu du, "arrakastatsua" izan dadin. Izan ere, Donostiako Udalak aitortzen du "oso egoera zailean" dagoela proiektua Itziar Nogeras arduradun nagusiaren dimisioaren ostean.

Apirilaren 27an Legebiltzarrak aho batez egindako akordioa ere berresten du gaurko adierazpen instituzionalak. Hala, Eusko Jaurlaritzari proiektuarekiko "konpromisoa ikusgai" jartzeko eskatu diote, talde teknikoak "eskuhartze politikorik gabe" lan egin ahal izatea exijitu dute, eta Cristina Uriarte Kultura sailburuari saio epe bakoitzean behin gutxienez agerraldia egitea eskatu diote.

Borja Semper eta Susana Corcuera PP eta PSE-EEko legebiltzarkideek "exijentzia maila altua" eskatu diote Jaurlaritzari, proiektuaren kudeaketa "etengabe kontrola" dezala, eta Eusko Legebiltzarrari informazio guztia eman diezaiola.

Estitxu Breñas EH Bilduren legebiltzarkideak, berriz, azpimarratu du Izagirrek "egindako akatsak onartu" dituela, eta dagoeneko iragarri duela zuzendaritza tekniko berria Bruselak ezarritako irizpidean oinarrituta izendatuko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia 2016 albisteak