Bitxikeriak -
Celebraciones
Bilbotik Cartujara metroz?
Zerbitzuz kanpo zegoela, trenen helmuga zehazten duen mezua aldatu zuen Bilboko metroko langile batek, Athleticen garaipena "ospatzeko". Hurrengo helmuga Sevilla zela iragarri zuen, txantxetan.
EiTB MEDIA
Athleticek Levante futbol taldeari partidua irabazi eta finalerako txartela lortzeak poz handia eman die jarraitzaile zurigorriei, covid-19aren pandemiak ospakizunetarako tarte handirik utzi ez badie ere. Hala eta guztiz ere, nork bere erara ospatu zuen atzoko garaipena. Bilboko metroko langile batek, adibidez, ezin izan zion pozari eutsi.
Bi astean beste horrenbeste final jokatuko ditu talde bilbotarrak Sevillako Cartuja futbol zelaian, eta badirudi Andaluziako hiriburura metroz joateko aukera izango dutela zaleek. Ospakizunerako grinak bultzatuta eta barruan zeraman poza ezin ezkutatuta, Bilboko metroko langile batek trenen helmuga zehazten duen mezua aldatu zuen atzo, zalegoari Sevillara joateko proposamena luzatuz.
Metroko arduradun batek eitb.eus-i jakitera eman dionez, ostiral honetan sare sozialetan bolo-bolo dabilen irudia (trenaren helmuga Sevilla dela dio) gidari batek egindako "txantxa" bat baino ez da. Esan bezala, zerbitzuz kanpo zegoen tren bateko paneleko mezua aldatu zuen behargin horrek, argazkia egin eta gertukoekin partekatzeko asmoz-edo.