Krisi Ekonomikoa -

Berregituratzea

Iberiak 3.807 langile kaleratuko ditu, aurreikusi baino 693 gutxiago

Azaroan lan-erregulazioko txostena aurkeztu eta 4.500 pertsona kaleratzea proposatu zuen aire-konpainiak.

Iberia aire konpainiako hegazkinak. Argazkia: EITB
Iberia aire konpainiako hegazkinak.
Iberia aire konpainiako hegazkinak. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

International Airlines Group (IAG) taldeak lan-erregulazioko txosten berria aurkeztu du Iberia hegazkin-konpainian. Horren arabera, aurreikusi baino 693 kaleratze gutxiago izango dira. Azaroan, 4.500 langile kaleratuko zituztela iragarri zuten, baina lan-erregulazioko txosten berriak jasotzen duenez, 3.807 lagun kaleratuko dituzte azkenean, langileen % 19. Otsailaren 18tik aurrera deitutako greba-deialdia bertan behera uzteko eskatu die Iberiak sindikatuei.

Sindikatuen arabera, lurreko 2.640 langile, kabinako 760 langile, eta 320 pilotu kaleratuko dituzte, gutxi gorabehera. Kaleratzeak martxoaren 4a eta abenduaren 31 bitartean gauzatuko dira.

Konpainiak gaur jakinarazi duenez, neurriaren berri eman die Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari, langileei, sindikatuetako ordezkariei eta Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioari.

Hemendik aurrera, Iberiako zuzendaritzak eta sindikatuek 30 eguneko epea dute lan-erregulazioko txostena negoziatzeko.

Iberiak ohartarazi duenez, akordio batera heltzeko prest daude, eta asmo horrekin joango dira sindikatuekin egingo dituzten bileretara. Konpainiaren esanetan, 15 eguneko greba-deialdia "modu eraikitzailean negoziatzeko oztopo da". Hori dela eta, greba bertan behera uzteko eskatu die sindikatuei: "Utz ditzatela bezeroak lan-gatazka honetatik kanpo. Negoziazio mahaian konpondu behar dira arazoak; grebak konpainiaren galerak handiagotzeko balioko du bakarrik".

Bestalde, aire-konpainiak Gizarte Akonpainamendurako Egitasmoa aurkeztu du enplegu galera geldiarazteko. Horren baitan, hainbat neurri hartuko dituzte: soldatak jaistea edo izoztea, produktibitatea handitzea eta malgutasun neurriak hartzea.

Negoziazioek hiru hilabete iraun dute, baina ez dute emaitzarik lortu, Iberiak azaldu duenez. Horren esanetan, hainbat aukera aurkeztu ditu errentagarritasunari muzin egin gabe kaleratzeak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea