Krisi Ekonomikoa -
Lehen greba eguna
Bost lagun atxilotu dituzte Barajasen, Iberiako langileen protestetan
Polizia manifestarien aurka oldartu da. Bestalde, 70 hegaldi bertan behera geratu dira EAEn eta grebaren lehen eguneko jarraipena "erabatekoa" izaten ari dela esan dute sindikatuek.
Erredakzioa
Iberiako langileek deitutako 15 eguneko grebaren lehen egunean bost pertsona atxilotu dituzte Madrilen, Barajaseko aireportuan.
Poliziak sarrerak blokeatuta eduki dituen arren, protestak Madrileko aireportu barru-barruraino iritsi dira, konpainiako 8.000 langile inguru Madrileko Barajas aireportuko T4ra sartu baitira.
Manifestarien eta agenteen arteko tirabirak areagotuz joan dira, eta azkenean, segurtasun indarrek manifestarien aurka kargatu dute azken hauek aireportura sartzen saiatu direnean.
Ehunka manifestarik barrura sartzea lortu dute eta fakturazio mahaien gainera igo dira euren pankartekin. Aldi berean, ehunka lagunek eserialdi jendetsua egin dute terminalaren barruan.
''Erabateko jarraipena''
Sindikatuen arabera, ''erabateko jarraipena'' izan du lehen greba egunak (''% 100erik gertu'').
20:00etarako, 109 hegaldi jarri ditu martxan Iberiak, gaurko programatuta zeuden 135 hegaldietatik % 80 baino gehiago, enpresak berak ohar baten bidez emandako datuen arabera. Bertan azpimarratu dutenez, ''gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira''.
Beste 81 hegaldi bertan behera geratu dira gaur, eta 14.000 bezerori eragin diete. Beste konpainia batzuetan hegan egiteko aukera edo dirua berreskuratzeko aukera izan dute kaltetuek.
70 hegaldi bertan behera, EAEn
Iberian deituriko grebaren ondorioz 70 hegaldi bertan behera gelditu dira EAEko aireportuetan, bertatik ateratzea edo bertara iristea aurreikusta zutenak, sindikatuek iragarri dutenaren arabera. Zehazki, Loiuko aireportuan 50 hegaldi ingururi eragingo die grebak eta Hondarribikoan 16 edo 18ri.
CCOO sindikatuak esan duenez, egunaren lehen orduetan jada 50 hegaldi gelditu dira bertan behera Bilbon, eta hasieran iragarritakoez gain, Santiago de Compostelara eta Valentziara joatekoak ziren hegaldiak ere atera gabe gelditu dira. Bestalde, Alacantera hegaldi bati ateratzea ahalbidetu dutela nabarmendu dute batzordekoek, bidaiari gehienak pertsona helduak zirelako eta bertara zihoan hegaldi bakarra zelako.
Gainera, greba eskubide urraketa salatu dute Ertzaintzaren eta Polizia Nazionalaren aurrean; izan ere, langile eza dela eta, Iberiako zuzendaritzako lagunak langile horien lanak egiten hasi dira. Agenteek buruzagi horiei argazkiak atera dizkiete, maletak eramaten eta jendea hegazkinera igotzen laguntzen ari zirelako.
12:00etan elkarretaratzea egin dute Loiuko aireportuan.
Jon Herrera CCOOko aireportuen zerbitzurako arduradunak azaldu duenez, grebaren lehen egunean, jarraipena "erabatekoa" da Bilbon, langile bat izan ezik, denek egin dutelako bat greba deialdiarekin. "Jarraipen masiboarekin Iberiari eta Gobernuari errieta egin nahi diegu, konpainia deseginez Espainiako aireportuen sektorearen hondamendia eragingo dutelako".
Erabakia atzera bota ezean, "mobilizazioak gogortu" egingo dituztela ohartarazi du "konpainiaren bideragarritasuna bermatzea lortu arte".
Erabateko lanuztea eta zazpi hegaldi bertan behera, Noainen
Noaingo (Nafarroa) aireportuko Iberiako langile guztiek egin dute greba, gutxieneko zerbitzuak eman behar izan dituztenek salbu, enpresa batzordeko iturriek jakitera eman dutenez. Halaber, zazpi hegaldi bertan behera gelditu dira, iturri horien arabera.
Greba, ostirala arte
CCOO, UGT, USO, SITCPLA, ASETMA eta CTA Vuelo Iberiako sindikatuek ostiralera arte deitu dute greba enpresan egin nahi dituzten murrizketen aurka protesta egiteko; izan ere, 3.800 kaleratzetik gora aurreikusi dituzte. Irtenbiderik ezean, grebak martxoaren 4, 5, 6, 7, 8, 18, 19, 20, 21, eta 22an egingo dira berriro. Iberiak 20.000 langile inguru ditu, horietatik 350 EAEn.