Krisi Ekonomikoa -
Egitasmo alternatiboaren bila
Zipreko bankuek ez dituzte ateak datorren asteartera arte zabalduko
Zipreko bankuei kredituak kentzeko aukera duela ohartarazi du EBZk. Gainera, Nikosiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan aurrerapausorik izan ez dela onartu du Errusiak.
Redacción
Zipreko bankuak itxita egongo dira datorren asteartera arte, Aliki Stilianu Banku Zentraleko bozeramaileak gaur jakitera eman duenez. Banketxeek ez dituzte aste osoan ateak zabaldu eta osteguna, ostirala eta astelehenean itxita egongo dira.
Zipreren erreskate problematikoa euroguneko azken krisia bilakatu da, eta Europako Batzordeak egitasmo alternatibo bat diseinatzeko ardura Nikosiaren eskuetan jarri du. Egoerak euroa berriro mehatxupean jar dezake, adituen arabera.
Erreskatearen inguruan akordiorik lortzen ez bada, Zipreko bankuei emandako kredituak kentzeko aukera dagoela ohartarazi du Jorg Asmussen Europako Banku Zentraleko (EBZ) kide alemaniarrak.
Die Zeit astekarian egindako adierazpenetan, EBZk "banku kaudimenduen likidezia soilik bermatu" dezakeela esan du Asmussenek.
Zalantza
Zipreko bankuen kaudimena zalantzan dago, eta finantza sektorea berriro eta azkar kapitalizatzeko laguntza programa bat laster adostu behar dute.
Aurrezkien gaineko zergari Parlamentuak "ezezkoa" eman eta gero, bankuen etorkizuna kolokan dago; izan ere, porrota saihesteko beharrezko likidezia noiz jasoko duten ez dakite.
Emakume bat Nikosiako kutxazain batean dirua ateratzen. Argazkia: EFE
Bestalde, Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidentea "oso kezkatuta" azaldu da Zipreko Parlamentuak Eurotaldeko erreskateari uko egin ostean. "Lehen baino lehen" irtenbide bat adostea eskatu du Van Rompuyk.
"Zipreko ezegonkortasuna oso kaltegarria da, Zipreko herritarrentzako batez ere, eta albait lasterren konpondu behar da", adierazi du Van Rompuyk Europako Parlamentuan egindako agerraldian.
Negoziaketak Errusiarekin
Gainera, Mijalis Sarris Zipreko Ekonomia ministroarekin izandako negoziaketetan aurrerapausorik eman ez dela onartu du Errusiak. Sarris Igor Shuvalov lehen ministrordearekin eta Errusiako Ekonomia ministroarekin bildu da.
Anton Siluanov Errusiako Ekonomia ministroarekin bildu ostean, aurreneko bileran akordiorik ez dela lortu ziurtatu du Sarrisek.
EBk erreskatearen truke 5.800 milioi euro murriztea eskatu du, eta Zipreko alderdi politikoetako adituak Banku Zentralean bildu dira plan alternatibo bat adosteko.
Lehenago, Nicos Anastasiades Zipreko presidenteak alderdi politikoetako buruzagiekin bi orduko bilera egin du. Zergarekin 5.800 milioi bildu behar zituzten, baina Parlamentuaren ezezkoarekin alternatiba bat aztertu behar dute orain.