Krisi Ekonomikoa -
Zipre
Zipreko Parlamentuak baztertu egin du aurrezkien gaineko zerga
Gehiengoz baztertu dute Eurotaldeak proposatutako neurria. De Guindos ministroaren hitzetan, 100.000 eurotik beherako aurrezkiak ''sakratuak'' dira.
Erredakzioa
Zipreko Parlamentuak baztertu egin du, gehiengoz, Eurotaldeak 10.000 milioi euroko erreskatearen truke aurrezki pribatuei ezarri nahi dien zerga berezia. Gobernuak bertsio leundua aurkeztu du Parlamentuan, zergak 20.000 eurotik beherako aurrezkiei ez eragiteko, baina, hala ere, gehiengoak ezetz esan dio neurriari.
Bozketa egin aurretik alderdiek egin duten eztabaidan kritika izan da nagusi, eta, horrek emaitzetan ere isla izan du. Zipreko Parlamentuko 56 ordezkarietatik, 36k kontrako botoa eman dute, eta 19 abstenitu egin dira. Hala, eztabaida hasi aurretik alderdiek egin dituzten adierazpenekin bat eginez, DISY Gobernuko alderdiko burua abstenitu egin da, eta gainontzeko alderdiek, berriz, ezetz esan diote neurriari.
Saioari ekin aurretik, Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak dagoeneko segurutzat jo zuen Parlamentuak bankuetako aurrezkien gaineko zerga berezia onartuko ez zuela, eta, horren aurrean, Parlamentuko taldeko kideak biharko deitu ditu. "Gaurko Parlamentuko bilkuraren ondoren sortuko den egoerari aurre egin ahal izateko alternatibak aurkitzeko asmoz, presidenteak biharko deitu ditu taldeetako ordezkariak'', azaldu du Presidentziak, ohar baten bidez.
Zipreko Parlamentuaren ezezkoa "etsigarria" dela esan du Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak. Bestalde, erreskatearen kostuak 10.000 milioi euroak ez gainditzeko alternatibak aurkeztea eskatu dio Nikosiako Gobernuari.
"Ziprek erabaki hori hartzea sentitzen dut, baina erantzukizuna Nikosiak du oraindik, Eurotaldearen eskaintzak mahaigainean jarraitzen duelako", adierazi du Dijsselbloemek.
Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentralak (EBZ) Zipreren erabakia gogoan hartu eta beharrezko likidezia emango duela bermatu du. "Zipreko Parlamentuaren erabakia gogoan hartu eta Troikako bazkideekin harremanetan" dagoela azaldu du EBZk agiri batean.
Era berean, "EBZk indarrean diren legeak errespetatuz beharrezko likidezia emango duela berretsi du", erantsi du agiriak.
Eurotaldearen erabakia
Atzo, Eurotaldeak aurreztaile txikien zerga arintzea onartu zuen, gai horrek polemika handia sortu ostean. Hasiera batean, 100.000 eurotik beherako aurrezkiak zituztenei % 6,7ko aparteko zerga ezarri nahi zieten, eta % 9,9koa 100.000 eurotik gorako aurrezkiak zituztenei.
Era berean, Eurotaldeak malgutasuna eman zion Zipreri aurrezki txikiak zituzten herritarrentzat proiektu "zuzenahoa" aurkezteko.
100.000 eurotik beherako aurrezkiak ''sakratuak'' dira
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren ustez, Eurotaldeak Zipren aurrezkiei zerga berezia ezartzeko egin duen proposamena neurri ''berezia'' da.
Ministroaren hitzetan, bai Espainian eta baita Europar Batasun osoan ere 100.000 eurotik beherako aurrezkiak ''sakratuak'' dira, eta ''erabat bermatuta'' daude. "Espainiako aurreztaileek lasai egon behar dute, egoera zehatz eta berezi bat gorabehera, 100.000 eurotik beherako aurrezki guztiak bermatuta daudelako, bai Zipren, bai Espainian eta baita Europar Batasunean ere'', gaineratu du.
Burtsak behera egin du
Zipreko krisiak eraginda, Espainiako burtsak % 2,2 galdu du gaur, urteko laugarren galerarik handiena. Arrisku-sariak, berriz, gora egin du eta 370 puntuan bukatu du jarduna.
Londresek milioi bat euro bidali ditu Ziprera, hegazkin batean
Erresuma Batuak hegazkin bat aireratu du, Ziprera milioi bat euro igortzeko asmoz. Zehazki, bertan dauden Erresuma Batuko militarrei dago zuzenduta dirua, ''neurri berezi gisa''.