Krisi Ekonomikoa -
Aurrekontuak
Funtzionarioei ordainsaria kentzea legez kanpo jo dute Portugalen
Funtzionarien eta pentsiodunen aparteko bi ordainsariak kentzea eta langabezia eta gaixotasun laguntzei egindako murrizketak Konstituzioaren kontrakoak direla erabaki du Auzitegi Konstituzionalak.
Erredakzioa
Portugalgo aurrekontuetako zenbait murrizketa eta neurri legez kanpokoak direla erabaki du gaur Auzitegi Konstituzionalak. Portugalgo Gobernuak finantza erreskatearen baldintzak betetzeko murrizketak sartu zituen aurrekontuetan.
Horrela, Pedro Passos Coelhoren Gobernu kontserbadoreak defizit publikoaren helburuak betetzeko beste bide batzuk bilatu beharko ditu. Erabakiak urtarrilaren 1eko neurrietan eragina izango du eta defizit publikoak puntu bat gora egin dezake bat-batean.
Funtzionarien eta pentsiodunen aparteko bi ordainsariak kentzea eta langabezia (% 6) eta gaixotasun (% 5) laguntzei egindako murrizketak Konstituzioaren kontrakoak direla erabaki du Auzitegiak.
Auzitegiko magistratuek, ostera, 2013ko aurrekontuetako beste dozena bat murrizketa legezkotzat jo dituzte. Aurrekontu horiek Portugalgo historiako gogorrenak dira.
Ezohiko bilera
Halaber, Portugalgo Gobernuak ezohiko batzarra egingo du gaur Auzitegi Konstituzionalaren erabakia aztertzeko. Bi urte igaro dira Portugalek finantza-erreskatea jaso zuenetik.