Krisi Ekonomikoa -
Europako Batzordea
Bruselak Espainiari abisua emango dio 'arrisku ekonomiko larriengatik'
Egonkortasun eta erreforma planetan norabidea zuzentzeko neurri berriak eskatuko dizkio Europako Batzordeak Espainiari. Apirila bukatu baino lehen neurrien berri eman beharko dio Estatuak Bruselari.
Erredakzioa
Europako Batzordeak Espainiari eta Esloveniari abisua emango die asteazken honetan. Desoreka ekonomiko handiak izateko "arrisku larrian" direla ohartaraziko die Bruselak herrialdeei. Desoreka horiek euroguneko egonkortasunari eragin diezaiokete.
Horrela, egonkortasun eta erreforma egitasmoetan norabidea zuzentzeko neurri berriak eskatuko dizkio Europako Batzordeak Espainiari. Apirila bukatu baino lehen neurrien berri eman beharko dio Estatuak Bruselari, EBko iturriek azaldu dutenez.
Hala ere, Batzordeak abisua emateko erabiltzen dituen datuak 2011koak dira; Mariano Rajoy Gobernura heldu eta desorekak zuzentzeko erreformak hasi baino lehen. Desoreken azterketa, ostera, azken asteetan egin du Bruselak.
Azaroan argitaratutako txostenean, Bruselak arrisku ekonomikoak neurtzeko erabiltzen dituen 11 adierazleetatik 6tan mugak gainditzen ditu Espainiak. Irlandak, Portugalek eta Ziprek soilik, guztiak erreskatatutako herrialdeak, Espainiak beste arrisku adierazle dituzte. Bien bitartean, Greziak bost muga gainditzen ditu.
Espainiak eta Esloveniak apirilean bidaliko dituzten erreforma planak nahikoa ez direla erabakitzen baldin badu, Europako Batzordeak zigorrak ezarri diezaieke maiatzean. Espainiaren kasuan, Ministroen Kontseiluak apirilaren 26an onartu behar ditu azken errefomak.
Bruselak kezka handia du, Espainiaren langabeziak etengabe gora egiten duelako, azken hiru urteetako tasa % 19,9an baita.