Krisi Ekonomikoa -
Portugalen hala gertatu da
Gerta daiteke Espainiako Konstituzionalak murrizketak baliogabetzea?
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hainbat murrizketa legezkoak ote diren ebatzi beharko du. Portugalen, epaileek hainbat murrizketa baliogabetu dituzte.
Erredakzioa
Portugalgo Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin ditu herrialde horretako Gobernuak onartutako hainbat murrizketa, funtzionarioen Gabonetako aparteko soldata kendu izana, kasu. Ondorioz, Pedro Passos Coelho presidenteak alternatibak bilatu beharko ditu, beste errekaste bat eskatu behar izatea saihesteko.
Espainian, Funtzionarioen Sindikatua (CSI-F) pozik agertu da Portugalgo epaileen erabakiarekin, eta aparteko soldata itzultzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari.
PSOEk ere herrialde horretako Konstituzionalaren epaia "kontuan izateko" deia egin dio Mariano Rajoyri.
Hori horrela, galdera argia da: Portugalen gertatutakoa Espainian ere gerta daiteke?
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere Mariano Rajoyren Gobernuak egindako hainbat murrizketa legezkoak oten diren ebatzi beharko du. Aparteko soldata kendu izana da horietako bat.
Cetarsa enpresa publikoaren langileek konstituziokontrakotasun helegitea aurkeztu zuten, eta Auzitegi Nazionalak neurri hori legezkoa den galdegin dio Konstituzionalari.
Euskadin, Eusko Jaurlaritza funtzionarioen Gabonetako aparteko soldata ordaintzen saiatu zen, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri, eta Konstituzionalak galarazi egin zion, behin-behineko neurri gisa. Orain, auzitegi hori aparteko soldata ordaintzen uzten edo behin betiko galarazi aztertzen ari da. Rajoyren Exekutiboak Jaurlaritzaren eskuduntzak urratu dituen argitu beharko du.
Nolanahi ere, aparteko soldatarena ez da auzitegien esku dagoen murrizketa bakarra: Gobernuak pentsioen balioa handitu ez izana ere Konstituzionalera eraman zuten oposizioko taldeek, eta tasa judizial berriak ere auzibidean daude.