Krisi Ekonomikoa -

Espainia - Portugal bilera

EBk 'gehiago egin' dezakeela uste dute Rajoyk eta Passos Coelhok

Mailegua sustatzeko eta gazteen langabeziari aurre egiteko neurriak ''Europa mailako premia'' direla esan dute. Lan-erreforma aldatzeko asmorik ez duela berretsi du Rajoyk.

Mariano Rajoyk eta Pedro Passos Coelhok bilera egin dute. Argazkia: EFE
Mariano Rajoyk eta Pedro Passos Coelhok bilera egin dute
Mariano Rajoyk eta Pedro Passos Coelhok bilera egin dute. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurogunearen egonkortasuna alde, Europar Batasunak gehiago egin dezakeela eta gehiago egin behar duela uste dute Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pedro Passos Coelho Portugaleko lehen ministroak. Bi agintarien ustez, mailegua sustatzeko eta gazteen langabeziari aurre egiteko neurriak ''Europa mailako premia'' dira.

Bi agintariak Madrilen egin dute bilera astelehen honetan, eta, hitzordu horren ondoren elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan, EBren jarrera izan dute hizpide.

Rajoyren hitzetan, eurogunearen egonkortasun babesteko herrialde ezberdinek agerian utzi duten ''borondate maila berdina'' erakutsi behar du Europar Batasunak ere, eta, hala, nazio mailan egiten diren ahaleginak osatzeko Europa mailan ''beharrezko neurriak'' hartu behar direla defendatu du.

Ildo horretan, bankuen batasunerako egutegia betetzea eta familien eta enpresa txikien mailegua ziurtatzeko eta gazteen langabeziari aurre egiteko neurriak aipatu ditu presidenteak. "Premiazko hiru gai dira'', berretsi du Rajoyk.

''Iritziak amaieran plazaratu behar dira''

Gobernuak hartutako neurriak direla-eta, lan-erreforma ''oso positiboa'' dela berretsi du Rajoyk, ''lehiakortasuna eta malgutasuna irabazteko tresna'' delako. Erreformaren eboluzioarekin ''oso pozik'' dagoela esan du presidenteak, eta berau aldatzeko asmorik ez duela ziurtatu du.

Gobernuak onartu dituen zenbait neurri ''zailak'' direla aitortu du Rajoyk, baina erabaki horiek herritarren boto asmoetan izan dezaketen eraginaz hausnarketa egiteko aukera baztertu du. ''Iritziak amaieran plazaratu behar dira'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea