Krisi Ekonomikoa -
Bilera
Erreformak egiten jarraitzeko eskatu dio Eurotaldeak Espainiari
"Estatuko desorekak zuzentzeko esfortzu aipagarriak egin dituzte Espainiako agintariek", adierazi du Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak desoreka makroekonomikoak zuzentzeko orain arte egin dituen "esfortzu aipagarriak" goraipatu ditu gaur Eurotaldeak, baina "erreformak egiten jarraitzeko" eskatu dio, batez ere erronka handienari aurre egiteko, langabeziari, alegia.
"Herrialdeko desorekak zuzentzeko esfortzu aipagarriak egin dituzte Espainiako agintariek, eta saiakera erreformistarekin jarraitzea garrantzitsua da", adierazi du Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak Ekonomia ministroen arteko bilera amaitu ostean.
Euroguneko Ekonomia ministroek Espainiako eta Esloveniako desoreka makroekonomikoak sakon aztertu dituzte gaur, Europako Batzordeak gehiegizkotzat jo baititu.
Desorekak
Apirilaren 10ean 13 estatuk desoreka makroekomikoen berri eman zuten. Espainiak lan-erreformaren eragina berriz aztertu, bankuen erreforma "azkarra" egin eta enplegu politika aktiboak berrindartu behar dituela uste du Dijsselbloemek.
Duela gutxi Espainiak erreformen plan nazionalaren berri eman zion Bruselari. Europako Batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu. Desorekak zuzentzen ez badira Espainia BPGren % 0,1 batekin (isuna) zigor dezakete, Dijsselbloemek gogorarazi duenez.
Bestalde, Espainiaren erreforma plan nazionala "erantzun politiko bateratua" ematen duela esan du Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak, "proposamen konkretuak" eta egutegi "nahiko zehatza" dituelako.