Krisi Ekonomikoa -
Greba Gipuzkoako metalgintzan
Jarraipena: % 80koa sindikatuen ustez, 'irregularra' Adegiren iritziz
ELAk eta LABek Adegiko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, baina ordubeteko aldearekin. CCOOk, aldiz, manifestaldia Boulevardean egin du, nahiz eta deialdia "bateratua" izan.
Erredakzioa
Gipuzkoako metalgintzan egindako grebaren jarraipena % 80koa izan dela adierazi dute gaur sindikatuek. Adegi patronalak, ostera, lanuztea "irregularra" izan dela esan du.
Nahiz eta deialdi "bateratua" izan, sindikatuek protesta ekintzak bakoitzak bere aldetik egin dituzte.
Horrela, ELA eta LAB sindikatu abertzaleek Adegiko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, baina ordubeteko aldearekin. CCOOk, aldiz, manifestaldia Boulevardean egin du.
Gipuzkoako metalgintzaren sektoreko langileek greba eguna izan dute gaurkoa, sindikatu guztiek (ELA, LAB, CC.OO. eta UGT) deituta, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. LAB sindikatuaren arabera, lantegien % 85ak greba jarraitzea erabaki du. Adegik patronalak bestalde, ez du jarraipenari buruzko zenbaki eztabaidan sartu nahi izan, baina jarraipena tokian tokian "desberdina" izan dela nabarmendu du.
Sindikatuek salatu dutenez, uztailaren 7an lan hitzarmenak amaitzeak azken 30 urteotan irabazitako eskubideak galtzea ekarriko luke.
Lurralde mailako lan-hitzarmena eskatzen dute sindikatuek. Eguneko protesta ekitaldi nagusia eguerdian egin dute, Adegiko egoitzaren aurrean. Ehundaka langile elkartu dira Adegiren egoitza atarian, ELAk deituta. Ondoren, LAB sindikatuak mila lagun inguru elkartu ditu Gipuzkoako patronalaren egoitzaren atarian. Bestalde, CC.OO. sindikatuko kideek Donostia erdigunean egin dute protesta eguerdian.
Grebak jarraipen zabala izan du Gipuzkoan, eta, batez ere, Goierrin, Tolosaldean eta Urola Kostan, deitzaileen arabera. Esaterako, CAF, Indar, Arcelor Olaberria, GKN Zumaia, Guerra Anaiak, Juaristi, Biele, Zardoya Otis, Rodisa RTS eta Corrugados enpresak itxita egon dira. Grebaren jarraipenari buruzko datuekin gustura agertu dira ELA eta LAB sindikatuak. Azken horren arabera, % 85eko jarraipena izan du lanuzteak.
LAB sindikatuaren arabera, grebaren jarraipena "arrakastatsua" izan da. Ohar bidez jakinarazi duenez, "Gipuzkoako metalgintzaren sektorea geldirik egon da". Sindikatua pozik agertu da langileen erantzunarekin, eta langileen ahotsa entzuteko eskatu dio Adegiri.
Manifestaldia Donostian. Argazkia: EFE
Grebaren jarraipena zabala izan da, ELA sindikatuaren esanetan. "Langileek ELAren deialdiarekin bat egin dute, eta enpresarekin lan erreformari aurre egiteko hitzarmena sinatu duten lantokietako langileek soilik ez dute bat egin lanuztearekin", azaldu du. Unai Martinez ELAko metalgintzako arduradunaren arabera, lan erreformak enpresetan eraginik ez izatea da ELAren helburua. Halaber, langileen erosteko ahalmena bere horretan mantentzea nahiko luke sindikatuak.
Greba oso arrakastatsua izan da CC.OO. sindikatuaren arabera, eta lurralde mailako lan-hitzarmenak onartzeko aurrerapausoak emateko eskatu dio Adegiri. Enrique Baratta CC.OO. sindikatuko Gipuzkoako industria ordezkariak azaldu duenez, langileek erantzun "irmoa" eman diote Adegiri. Sindikatuaren esanetan, Gipuzkoako metalgintza arloko lantegien % 80ak egin du bat grebarekin.
Gaurko greba entsegua izan liteke, lan hitzarmenen amaieraren aurrean beste hainbat sektoretan egon litezkeen mobilizazioetarako.
Manifestaldia Donostian. Argazkia: EFE
Gipuzkoan 50.000 langile baino gehiago daude metalgintzaren sektorean, baina gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, ez du greba deitu 30 bat enpresatan, lan erreformaren aurkako klausulak hitzartu baitituzte horietan.
Hain justu, sindikatu horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzaren sektorean astebeteko greba egitea proposatu die gainerako zentralei, LABi batik bat. Ekainaren 17tik 21era egingo lituzkete mobilizazioak.
Adegi patronalaren ikuspuntua
Adegik azaldu duenez, ez du gaurko greba deialdia ulertzen, lanaldia eta soldata mantentzea proposatzen duelako. "Ez dugu greba honen zergatia ulertzen, sindikatuek eskatzen dutena eskaintzen ari baikara", gaineratu du.
Grebaren jarraipenaz galdetuta, Adegik ez du daturik eman nahi izan. Gipuzkoako hainbat enpresetan galdeketak egiten ari omen dira, eta datuak jaso zain daude.
Langileek hitzarmen kolektiboa "blindatzea" eskatzen dute, lan erreformari aurre egiteko. "Ezin dugu legea aldatu. Hortik aurrera bakoitzak egin ditzala bere balorazioak", azaldu du.
Edozein kasutan, langileek beren lan eskubideak galtzeko duten beldurra amaitzea nahi du patronalak. "Horren aurrean, lanaldia eta soldata mantentzea proposatzen dugu", gaineratu du.