Krisi Ekonomikoa -
5 milioi euro
Enpresak diru-laguntza itzultzea eskatu dute Corrugadoseko langileek
Lan-erregulazioko txostena negoziatzeko epea bukatuta, astearte honetan dira abiatzekoak kaleratzeak. Langileek, baina, horiek ordaintzeko dirurik ez dagoela salatu dute.
Erredakzioa
Bere garaian Gallardo taldeko enpresei emandako 5 milioi euroko diru-laguntza itzultzea eskatzeko deia egin diote Eusko Jaurlaritzari Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko langileek. Halaber, BEZa dela eta hartzeko duen 2 milioi euroko ordainketa atzerapenez onar ez dezan eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko enpresa batzordeak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan, eta, bertan, erakundeen babesa eskatu dute, Gallardok iragarritako lan erregulazio txostenari aurre egiteko. Neurriaren ondorioz, 278 langile kaleratuko dituzte Corrugados Azpeitian, eta beste 38 Lasaon (azken egoitza horretan 68 langile daude egun).
Kaleratzeak
Lan-erregulazioko txostena negoziatzeko epea bukatuta, astearte honetan dira abiatzekoak kaleratzeak.
Koldo Artetxe LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, gaur arratsalderako aurreikusi dute lehen 80 kaleratzeak egitea, eta irailaren 30a arte luzatuko dira. Langileek, baina, kaleratze horiek ordaintzeko dirurik ez dagoela salatu dute.
Lantegiak, beraz, zabalik jarraitzen du, eta txikia bada ere, nabari da mugimendua. Baina ekoizpena ezin omen da burutu, hainbat arduradunek alde egin baitute.
Lasaoko langileak lege-zirrikitu guztiak baliatzekotan dira enpresari eta produkzioari eusteko, eta jarrera bera eskatzen diete erakunde publikoei ere.