Krisi Ekonomikoa -

Lan-erreforma

Arabako eta Bizkaiko metaleko lan-hitzarmenen jarraipena berretsi dute

Epaitegien arabera, bi lan-hitzarmenetan agertzen den klausula batek aurreraeragin edo ultraaktibitatea bermatzen du itun berria adostu arte. Bizkaiko patronalak errekurtsoa aurkeztuko du.

Metal arloko langile bat. Argazkia: EiTB
Metal arloko langile bat.
Epaileek ebatzita, metalaren hitzarmenak indarrean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako eta Bizkaiko metal alorreko lan-hitzarmenek indarrean jarraituko dute; izan ere, bi hitzarmen horien aurreraeragin edo ultraaktibitatearen alde egin dute Gasteizko eta Bilboko lan-arloko epaitegiek, lan-hitzarmenetan agertzen zen klausula batek hori agintzen duelako hitzarmen berria onartu arte. Justiziaren erabakiak 60.000 langilerengan du eragina, baina Bizkaiko patronalak dagoeneko iragarri du helegitea jarriko duela.

Bilboko eta Gasteizko lan-arloko epaitegiek arrazoia eman diete CCOO eta UGT sindikatuei eta bi lurraldeetako metal arloko hitzarmenetan aurreraeragin edo ultraaktibitatea bere horretan uztea ebatzi dute, akordio berriak hitzartu arte.

Araban 2007-2010 eta Bizkaian 2008-2011 aldirako lan-hitzarmenak sinatu zituzten bi sindikatuek, eta epaitegiek bi hitzarmen horien iraupena luzatzea erabaki dute orain, hitzarmen kolektibo berriak adostu arte.

Horrela, Araba eta Bizkaiko 60 mila langileri ez zaie lan-erreforma aplikatuko. UGT sindikatuak ohar bidez jakitera eman duenez, ebazpenak babes juridikoa emango die langileei. CCOOk txalotu egin du erabaki judiziala, eta prentsaurrekoa iragarri du gaurko Bilbon, balorazio zehatzagoa egiteko.

Bizkaiko patronalak helegitea iragarri du. Jaime Fernandez Bizkaiko metal arloko patronaleko idazkariak prozedura akatsak ikusten ditu sindikatuen proposamenean. Gainera, urtebete baino gehiago hitzarmena aplikatu gabe eman ondoren, ez zaio zentzuzkoa iruditzen berriz ere indarrean jartzea.

Bizkaiko patronalak errekurtsoa aurkeztuko du

Metalaren Enpresetako Bizkaiko Federazioak lan-hitzarmenaren jarraipenaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du, ez dagoelako ados hitzarmenaren edukiarekin.

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak adierazi duenez, ez da lan-hitzarmenen iraunaldia aintzat hartzen duen lehen epaia.

Garcinuñoren iritziz, "epaileek ez daude ados legegileen ikuspuntuarekin" eta, konstituzioaren printzipioei dagokienez, "legeak ezarritakoez gain, bestelako eskubideak daudela uste dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Zer gertatu da gaur Bizkaian? Arabako berriak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Burdingintza