Krisi Ekonomikoa -
Erakunde publikoak
Zor publikoak gora egin du berriz ere eta BPGren % 96 gainditu du
Estatu osoan, zorra 987.945 milioi eurora heldu da, iaz baino % 8 gehiago eta 2008ko zorraren bikoitza.
Erredakzioa
Espainiako Bankuak zabaldu dituen datuen arabera, erakunde publikoek otsailean pilatutako zorrak gora egin du berriz ere, eta 987.945 milioi eurora heldu da; Barne Produktu Gordinaren % 96,5 da jada, aurreko hilabetean baino % 0,82 handiagoa. Urtetik urterako tasa aintzat hartuta, zorra % 8 hazi da.
Horrela, sektore publikoaren zorrak ez dio hazteari utzi, 2013an BPGren % 93,9an itxi ondoren. Halere, Gobernuaren helburua % 94,2ra ez heltzea zen, 2013. urte osorako.
2014rako, Gobernuak aurrikusi du erakunde publikoen zorra altxorraren % 100 ingurukoa izango dela, eta BPGren % 98,9. Zor publikoa 8.131 milioi hazi da otsailean bakarrik.
2008an krisialdi ekonomikoa hasi zenetik, Espainiako zorrak ez dio hazteari utzi, eta orduko zorraren bikoitza baino gehiago da, 436.984 milioi eurotik (BPGren % 40) 987.945 milioi eurora, aurtengo otsailean (% 96,5).
Halere, zorraren zati handiena epe ertain eta luzeko baloreek osatzen dute (702.793 milioi), aurreko hilabetean baino 15.168 milioi gehiago, 92.157 milioi gehiago iazko otsailarekin alderatuta.
Bestalde, erakunde publikoen kreditu ez komertzialek 201.681 milioi batu dituzte, aurreko hilabetean baino 2.764 milioi gutxiago, eta iaz baino 17.005 milioi euro gutxiago.