Krisi Ekonomikoa -

Langabezia datuak

'Susperraldi ekonomikoa gauzatzen hasi da', esan du Jaurlaritzak

halere, Josu Erkoreka Urkulluren Gobernuaren bozeramalearen esanetan, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du, "susperraldi prozesua luzea eta motela" izango delako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak ziurtatu duenez, langabeziaren eboluzioaren datuek erakutsi dute "susperraldiaren sintomak eta horrek enpleguan duen eragina gauzatzen hasi dira", halere, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du, "susperraldi prozesua luzea eta motela" izango delako.

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta Madariaga dorrean (Busturia) gaur egindako Gobernu bileraren ondorengo prentsaurreko batean, Erkorekak gaur, asteartea, zabaldutako langabezia datuak izan ditu hizpide. Maiatzean, 3.206 langabe gutxiago dago EAEn, datu horien arabera.

"Eboluzioa industria sektorean, zerbitzuen sektorean eta etxegintzan" izan dela "garrantzitsutzat" jo eta gero, Erkorekak nabarmendu egin du "susperraldiaren sintomak eta horrek enpleguan duen eragina gauzatzen" ari direla.

Halere, ohartarazi duenez, Jaurlaritzak uste du prozesua "luzea eta motela" izango dela, hori dela eta, "mezuak ematean zuhurrak" izatea eskatu du eta "euskal gizartea elkarrekin ahaleginak egiten jarraitzearen" alde agertu da.

Langabe gutxiago zenbatuta

Apirilean baino 3.206 langabe gutxiago zenbatu zituzten EAEn maiatzean; 174.867, hain zuzen ere. Hori horrela, aurreko hilean baino % 1,8 langabe gutxiago zeuden maiatzean, Espainiako Lan Ministerioak jakitera eman duenez.

2013ko maiatzarekin alderatuz gero, Lanbideren bulegoetan zenbatutako langabe kopuruak % 1,88 egin zuen behera, eta Estatuko erkidegoen artean datu txarrena da hori (Ceuta eta Melilla kanpoan utzita).

Nafarroan, berriz, 1.589 langabe gutxiago zeuden maiatzean apirilean baino, eta guztira 49.156 daude, hau da, aurreko hilean baino % 3,13 gutxiago, eta iazko hil berean baino % 7,58 gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia