Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Lanbidek dio langabeen laguntza berriak eskumenak urratzen dituela
Horregatik, Adolfo Alustiza zuzendariak aitortu du "helegitea" jarriko dutela "ziurrenik". Bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin "elektoralismoa" egitea salatu du.
Erredakzioa
Adolfo Alustiza Lanbideko zuzendariak Espainiako Gobernuak langabezian denbora asko daramaten langabeentzako onartu duen egitasmo berria kritikatu du, Eusko Jaurlaritzaren "eskumenak urratzen" dituelako, eta "ziurrenik helegitea" jarriko diotela aitortu du. Era berean, "ulertezin" jo du neurria.
Alustizak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, hilabete gutxiren buruan "Euskadiko langabezia tasa % 15etik behera geratuko da".
Espainiako Gobernuak langabeei emango dien 426 euroko laguntzaren inguruan galdetuta, Lanbideren buruak esan du "zuzenean eskumenak urratzeko" arriskua dagoela, eta "ziurrenik helegitea jarri beharko" dutela.
Jaurlaritzaren arabera, eskumen garrantzitsuak urratzen ditu neurriak, eta "ez du ezer konpontzen, 426 euroak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 616 euroen kontra jartzen dituelako, eta neurria bateraezina eta herritarren kalterako izango delako".
Alustizak salatu duenez, "ez dituzte gure aldarrikapenak aintzat hartu eta beharrezko neurriak hartuko ditugu".
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta
Bestalde, Lanbideren zuzendariak gogor kritikatu du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin "maila baxuko elektoralismoa" egitea, eta zalantzan jarri du "boto batzuen truke" laguntza "kolokan jartzea" merezi duen, Javier Maroto Gasteizko alkateari erreferentzia eginez.
Ohartarazi duenez, “sistema oztopatzea herriari kalte egitea da”, eta bere garaian PPk Patxi Lopez lehendakariari babesa eman eta kudeaketa aldundien esku utzi zuela gogorarazi du.
Alustizak aitortu du laguntza hori aldatzeko prest dagoela, baina “eskubideak hobetzeko eta pertsonak babesteko bada, murrizteko bada, ez”.
“Iritzi publikoari esan nahi izan zaio, eta arrakastarekin, gizarte laguntzek iruzurra eragiten dutela, baina gure kasuan erabat gezurra da hori”, % 0,3koa besterik ez baita, Lanbideren esanetan.